Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak lizitaziora atera du Torrekuako anbulatorio zaharra eraberritzeko proiektuaren erredakzioa

Torrekuako anbulatorio zaharraren artxiboko irudia.

Torrekuako anbulatorio zaharraren artxiboko irudia.

2023/01/03

Proiektuak jubilatuen etxe bat eta beste erabilera sozial batzuk jasoko ditu. Dokumentuak eraikinaren birgaitze energetikoa ere islatuko du.

Eibarko Udalak lizitaziora atera du Torrekua kaleko 1. zenbakian dagoen eraikina barrutik berritzeko eta espazioak berrantolatzeko proiektuaren erredakzioa, bai eta haren birgaitze energetikoa ere, gerora jubilatuen etxe eta izaera sozialeko beste erabilera batzuk har ditzan.

Proiektua idazteko lizitazioa 108.174 eurotan atera da (BEZa barne), eta adjudikazioa eskuratu nahi duten enpresek urtarrilaren 9ra arteko epea dute eskaintzak aurkezteko. Proiektuaren idazketa adjudikatu eta gauzatu ondoren, Udala proiektuan islatutako obrak lizitaziora ateratzeko izapideak egiten hasiko da.

Joan den azaroan, Udalak jakitera eman zuen bazuela aurreneko aurreproiektu bat Torrekuako anbulatorio zaharraren eraikinean Amaña auzorako jubilatuen etxea jartzeko. Dokumentu horri esker atera zitekeen lizitaziora behin betiko proiektua idazteko lana, orain formalizatu den izapidea.

Udala lantzen ari den asmoa, proiektuan zehaztuko dena, zera da: lehenengo fasean eraikina eraberritzea, eraikinaren inguratzaile termikoaren birgaitze energetikoaren bidez; horrela, eraikinaren portaera energetikoa hobetu egingo da fatxadan zein estalkian jardunez, eta lurzoru erradiatzailearen klimatizazio- eta berokuntza-instalazio berriak ezarriz.

Hori egin ondoren, eraikina barrutik eraberritzeko obrak egingo dira, beheko solairuan jubilatuen etxea egokitzeko eta komunikazio bertikala eraberritzeko. Halaber, eraikinak prestakuntza-gelak eta beste gela batzuk izango ditu; baita kafetegirako eremu edo gune bat ere.

Proiektua idazteko lizitazioa dela eta, Eibarko alkateak, Jon Iraolak, adierazi du gobernu-taldeak “beste urrats berri eta garrantzitsu bat eman duela proiektu hau errealitate bilakatzeko, honen helburua Amañako eta inguruko bizilagunei zerbitzu berri bat ematea baita, aspalditik eskatzen ari zirena”.

Eraikinak oinplano angeluzuzena du, eta gutxi gorabehera 555 m2 ditu solairu bakoitzeko. Sotoa, beheko solairua eta goiko bi solairu ditu. Hala ere, azken solairuak azalera txikiagoa du, 111 m2.

Torrekuako anbulatorio zaharraren eraikina Udalaren eskuetan geratu zen duela urte batzuk, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak instalazio horietan eskaintzen zuen osasun-zerbitzua Eibarko Ospitalera eraman ondoren.