Udalak lizitaziora atera du Ipuruako kanpoko igerilekuen tabernaren ustiapena

Ipuruako kanpoko igerilekuen artxiboko irudia.

Ipuruako kanpoko igerilekuen artxiboko irudia.

2023/04/05

Kontratua eskuratu nahi dutenek apirilaren 21era arteko epea dute proposamenak egin eta eskaintza ekonomikoa aurkezteko. Adjudikazioa eskuratzen duenak ekainaren 10etik irailaren 10era bitartean eduki behar du zabalik taberna.

Eibarko Udalak lizitaziora atera du Ipuruako kanpoko igerilekuetako taberna ustiatzeko jabari publikoko emakida. Adjudikazioa eskuratu nahi dutenek apirilaren 21a arteko epea izango dute proposamenak aurkezteko.

Emakida lehiaketa bidez adjudikatuko da; beraz, interesa duen edonork aurkez dezake eskaintza. 1.000 eurotan finkatu da lizitazioaren oinarri den kanona.

Esan bezala, proposamenak apirilaren 21a arte aurkeztu ahal izango dira, Pegoraren bulegoetara etorrita edo posta bidez, proposamena Udaleko Kontratazio eta Dirulaguntza Unitatera bidalita. Bi gutun-azal aurkeztu beharko dira, lehenengoan baldintza-orrian eskatutako dokumentazioa sartu behar da, eta bigarrenean eskaintza ekonomikoa.

Udalak jendaurrean jarri duen baldintza teknikoen orriak adjudikaziodunak honako alderdi hauetan bete beharko dituen betebeharrak biltzen ditu: janari-zerbitzua, telefono-, elektrizitate- edo gas-kontsumoaren ordainketa, zergen ordainketa, tabernako langileak, lokalaren garbiketa- eta mantentze-lana, osasun-ikuskapenak edo kalteengatiko erantzukizuna.

Udalak ezarritako baldintzetako bat da, halaber, adjudikaziodunak taberna zabalik  eduki beharko duela eta zerbitzua eskaini igerilekuak zabalik dauden bitartean, hau da, ekainaren 10etik uztailaren 31ra (ordutegia: 10:30etik 20:30era), eta abuztuaren 1etik irailaren 10era (ordutegia: 10:30etik 20:00etara).

Zerbitzu hau eskaini nahi duten pertsonek informazio gehiago eska dezakete, eta baita tabernaren espazioa ikusi ere Ipurua kiroldegiko bulegoetara deituta,  943203240 telefono-zenbakira deituta, alegia.