Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak laugarren urtez jarraian laguntzen duen ‘Uni Encounter’ ekimenak jarduera presentzialak berreskuratuko ditu aurten

"Uni Encounter" web orriaren azala.

"Uni Encounter" web orriaren azala.

2022/02/24

Edizio berria, zibersegurtasuna izango duena oinarri, bihar eta larunbatean egingo da eta edukiera mugatua izango du pandemiaren murrizketen ondorioz. Izaera dibulgatiboa, teknikoa eta ludikoa duen ekimenak askotariko jarduerak eta informatikaren eta digitalizazioaren esparruan garrantzitsuak diren hizlariak izango ditu.

Eibarko Udalak, laugarren urtez jarraian, Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailaren bitartez, Uni Encounter jardunaldietan parte hartuko du 18. edizio honetan. Aurten jarduera presentzialak berreskuratuko dira, iaz, pandemiaren ondorioz, on-line formatuan egin behar izan baitziren.

Uni Eibar-Ermuak antolatzen du ekimen hau Udalaren lankidetzarekin. Bihar, hilak 25, ostirala, eta larunbatean, hilak 26, Hezkuntza Esparruan hainbat jarduera antolatuko dira informatikaren eta teknologia berrien alderdi desberdinak jorratuko dituztenak.

Ekitaldian asistentzia hibridoaren aldeko apustua egingo da, presentzialtasuna eta parte-hartze digitala uztartuz; streaming bidez jarraitu ahal izango da ekimena, non hitzaldi interesgarriak egongo diren. Aurten, Segurtasun Informatikoa azpimarratuko da bereziki bere arlo guztietan eta baita enpresa handien datuen kontrola ere.

Jon Iraola alkateak zera adierazi du, “Jende asko erakartzen duen ekitaldi bat da, arlo digital eta teknologikoaren alderdi interesgarri ugari ezagutu eta praktikatu daitezkeelako bertan. Egunero, gailu elektroniko asko erabiltzen ditugu informazioa lortzeko, izapideak egiteko edo entretenitzeko, horregatik ekimen hau oso aukera ona da bertan adituek datu interesgarriak eman ahal dizkigutelako”.

Ekimena bihar hasiko da 16:00etan, Unibertsitatean, eta 18:00etan aurkezpen ofiziala egingo da. Jardunaldi honetan Zibersegurtasun Tailerraren hitzaldia nabarmendu behar da, 18:30ean, non Mikel Elizondo eta Unai Combarro izango diren hizlari, hain zuzen, Zibersegurtasuneko Espezializazio Ziklo-ondoko bi ikasle, Euskadiko Zibersegurtasun Zentroak antolatu zuen lehiaketan parte hartu zutenak.

Larunbat eguerdian honako hitzaldia egongo da, “Zuzenbide Digitala: Neutraltasuna. Zer egiten dute multinazionalek gure seme-alaben datuekin?”. Gorka Juliok eta Alberto Larrazek hitz egingo dute gai polemiko horri buruz.

Antolatzaileek hitzaldietara joateko deia egiten diete interesa duten pertsona guztiei (gomendagarria da ordenagailu eramangarria eramatea zibersegurtasun-tailerrera), baina pandemia dela-eta edukiera kontrolatuko da, segurtasun-arrazoiengatik. Topagune bat izango da esperientziak partekatzeko eta esparru teknologikoari, jolas eta entretenimendu arloari eta negozio digitalei buruz ikasteko.

Bestalde, ordenagailu, bideo-kontsola eta mugikorren jokoei dagokienez, Alex Robleño enpresari eibartarra eta Esports-en adituak parte hartuko du, eta arlo teknikoa negozioekin, kirol elektronikoarekin eta entretenimenduarekin lotuko du.

Bi egun hauetan, bi “Leihaketa gune” egongo dira errendimendu handiko taldeekin, parte-hartzaileek ekipoa mugitu behar izan gabe parte hartu ahal izateko.  Counter Strike GO, League of Legends edo Valorant txapelketak egingo dira, baita Clash Royale eta Rocket League joko ospetsuak ere, besteak beste. Eta lehiaketak antolatuko dira baita ere FIFA22  kontsoletan.

Jarduera eta jokoetan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da, haietako batzuen azken faseak aurrez aurre bakarrik egingo baitira. Horrelako ekitaldietan jarraitzaileen kopurua garrantzitsua denez, edukiera murriztua izango da. Parte hartzea doakoa da.

Uni Encounterren edizio honetako unerik garrantzitsuenak Twitch-en  (twitch.tv/uniencounter) bidez emango dira zuzenean, ostiralean 18:00etatik aurrera eta larunbatean 11:00etatik aurrera. Hitzaldiak eta lehiaketak entzuleei kontatuko zaizkie.

Ekitaldi honi buruzko informazio gehiago lortzeko eta izena emateko, interesdunek honako webgunean kontsultatu dezakete: https://uniencounter.uni.eus.