Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak lanean jarraitzen du Errebal Plazaren postu finkoak okupatzeko tramiteekin

Errebal Plazia eraikineko artxiboko irudia.

Errebal Plazia eraikineko artxiboko irudia.

2022/07/04

Joan den maiatzean kafetegia ireki zen eta orain okindegi-gozogintzako postu finkoa eta 0 Kilometroko produktuen vending-makina bat adjudikatu dira. Udalak lizitaziora atera ditu beste bost plaza azokak baserritarrentzako dituen leku guztiak betetzeko.

Eibarko Udalak lanean jarraitzen du Errebalgo merkatuko plaza berria osatzen duten lanpostu finkoak adjudikatu eta betetzeko prozesuan. Itxi den azken akordioa 6. zenbakiko postuaren adjudikazioa izan da. Okindegi-gozogintzako postu bat da eta Aramendia Etxea enpresari adjudikatua zaio; izenpetutako kontratuan oinarrituta, saltokia 20 urterako esleitu da.

Gainera, Udalak Iztueta Elkarteari adjudikatu dio merkatuaren esparruan 0 Kilometroko produktuekin egindako vending-makina bat jartzea. Kasu honetan, esleipena bost urterako izan da.

Bi emakida hauek taberna-jatetxearenari gehitu behar zaizkio, zeina duela hilabete batzuk esleitu eta martxan dagoen.

Errebal Plazan bete gabe jarraitzen duten gainerako postuei dagokienez, Udalak jarraitzen du haien okupazioa kudeatzen, eta, horren harira, hainbat pertsona eta enpresa interesatu dira postuen baldintzez, eta bisitak antolatzen ari dira lekuak ikusteko.

Bestalde, Udalak lizitaziora atera du Errebalgo merkatuan produktu freskoak eta sasoikoak saltzeko banku korrituko beste bost plazaren erabilera eta gozamena. Plaza horiek dagoeneko martxan daudenei eta baserritarrek okupatzen dituztenei gehituko zaizkie. Bost plaza horiek adjudikatuta, baserritarrentzako postuen espazioa beteta geratuko da.

Lizitazioaren oinarrien arabera, postu korritu horien adjudikaziodunek 45 euroko tasa ordaindu beharko dute hiruhiletik behin postu bakoitzeko, eta baimenak hasiera batean urtebeteko iraupena izango badu ere, luzatu ahal izango da, gehienez ere lau urtera arte.

Eskabideak aurkezteko epa zabalik dago uztailaren 8ra arte, eta modu elektronikoan egin daiteke Udalaren webgunearen bidez edo modu presentzialean Pegorako bulegoetan.

Errebalgo merkatu berriaren instalazioak osatzen joateko gestioen berri horiek ezagututa, Jon Iraola Eibarko alkateak zera ziurtatu du: “Ezin ukatuzkoa da merkatua betetzeko prozesua nahi baino gehiago luzatzen ari dela. Gainera, kasu batzuetan, prozesua uste baino geldoago doa, hasieran lanposturen bat betetzeko konpromisoa hartu zuten pertsonek gero erretiratzea erabaki zutelako”.

“Hala ere, Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailetik egiaztatu da interesa badagoela merkatuko postu horiekiko, eta, zentzu horretan, lanean jarraitzen dugu Eibarko biztanleei merkatu plaza bat eskaintzeko, askotariko eta kalitatezko produktuekin”, adierazi du alkateak.