Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak lanean dihardu oinezkoentzako guneak handitzeko proiektu garrantzitsu bat sustatzeko

Julian Etxeberria kalea.

Julian Etxeberria kalea.

2021/09/10

Egitasmoaren helburua da oinezkoentzako guneak berreskuratzea, isuri kaltegarriak gutxitzea eta airearen kalitatea hobetzea. Erdigunerako ez ezik auzoetarako ere egingo dira proposamenak.

Eibarko Udalak, Jon Iraola alkatearen ekimenez, proiektu garrantzitsu bat jarriko du martxan laster, herriko oinezkoen guneak handitzea xede duena.

Egitasmoak, batetik, gaur egun oinezkoentzako guneen modeloa du ardatz; hala, aztertu egingo da zein den gaur egun oinezkoentzako kaleen egoera, hobekuntzak egiteko eta, ahal den neurrian, espazio horiek zabaltzeko. Eta, bestetik, aztertuko du zer beste tokitan kendu daitekeen autoen zirkulazioa, eta, horrela, herritarrentzako lekuak berreskuratu.  

Horretarako, datozen egunotan hasiko dira bilerak teknikariekin, zehazteko zein izango den proiektu honen behin betiko irismena. 

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Jakin beharra daukagu teknikoki noraino irits gaitezkeen, zer aukera ematen digun herriak peatonalizazioari eta herritarrentzako espazioak sortzeari dagokionez. Garrantzitsua da jakitea zer aukera dagoen Eibarren; zer egin dezakegun, zer aldatu behar dugun, eta, batez ere, ibilbide-orri garbi bat eduki behar dugu hori lortzeko. Nolanahi ere, gai honi buruzko edozein erabaki hartu aurretik, eragindako eragile guztien interesak aintzat hartu eta behar bezala baloratuko dira.”

Proiektu hau Errebalgo obra eta Errebal Plazia eraikineko txandakako parkinga (100 aparkaleku-plaza -1 solairuan eta 101 emakida-plaza -2 solairuan) ireki ondoren hasiko da; horrek aukera emango du hasierako gogoeta bati ekiteko Toribio Etxebarria, Julian Etxeberria, Zuloagatarren eta Calbeton kaleei erreparatuko diena, ikusteko, goian adierazten den bezala, ea bideragarria den gaur egun aplikatzen den modeloa zabaltzea eta hobetzea.   

Julian Etxeberria kaleko eta Anbulatorioko berrurbanizazio- eta hobekuntza-lana —proiektua hurrengo asteetan zehaztuko da— azterketa honen zutabe funtsezko bat izango da:  “Julian Etxeberria kaleko obra giltzarria da. Anbulatorioko parkearen aisialdi-gunea handitu eta hobetu eta kale hori berrurbanizatu ez ezik, ibilgailuen trafikoaren noranzkoan aldaketa eragingo du. Horrekin, espero dugu gaian sakontzea eta proposamen garrantzitsuak egitea eta orain arte pentsaezinak ziren soluzioak eman ahal izatea" adierazi du Iraolak.   

“Uste dut lehenbailehen sustatu beharreko proiektu bat dela, ez bakarrik herritarrek eskatzen dutelako eta gure inguruko hiri moderno guztien joera delako, baizik eta pandemiak agerian utzi duelako autorik gabeko espazio libreak behar direla jendeak aisialdiaz gozatu ahal izateko. Eibar ezin da salbuespen bat izan, eta, nahiz eta herriaren ezaugarriengatik proiektua agian beste leku batzuetan baino zailagoa izan, uste dut ahaleginak egin behar ditugula hori lortzeko. Lehen urratsak ematen ari gara.” adierazi du Eibarko alkateak

Bestalde, gobernu taldeak Ardantzako udal partzela batean txandakako parking berri bat egiteko proiektua kontratatuko du laster, zeinari esker erdigunean aparkaleku gehiago egongo baitira eta peatonalizazio-egitasmo honetan aurrera egiteko aukera.  Alkateak garbi laga nahi izan du eraikin hori oso ondo egokituko dela ingurura, eta dagokion aparkalekua egiteaz gain, aisialdi-gune lasai eta eguzkitsu bat sortuko dela inguru horretan, gaur egun ez baitu halako zerbitzurik.

Halaber, Iraolak azpimarratu du ingurumenaren ikuspegitik inpaktu handiko egitasmoa dela, izan ere, autorik gabeko espazio horiek lagundu egiten dute atmosferara  igortzen diren isuriak murrizten eta airearen kalitatea hobetzen.

Era berean, hemendik urte amaierara, udal gobernuak lizitaziora aterako du aparkaleku berri baten exekuzioa Legarren; egitasmoa 2021eko aurrekontuetarako Eusko Alderdi Jeltzalearekin adostutako akordio baten emaitza da.

Azkenik, Iraolak adierazi hauxe adierazi du: “Herriko oinezkoentzako guneak handitzea xede duen egitasmo hau ez da bakarrik erdigunera mugatuko; Udalaren asmoa da ideia hau auzoetan ere martxan jartzea, eta, hortaz, zentzu horretan egingo da lan."