Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak lanean dihardu Ipuruako kirolgune berriaren diseinuan

2021/07/12

Egungo kirol-instalazioak (Ipurua I) berriztu eta eguneratu egingo dira berriekin batera (Ipurua II) herritarrei kirol-eskaintza zabala emateko.

Eibarko Udala lanean ari da dagoeneko Ipuruako gune berriaren diseinuan. Kirolgune berrian, batetik, lehendik dauden instalazioak (Ipurua I) egongo dira, behar bezala berriztuta eta eguneratuta. Eta, bestetik, kirol-eraikin bat egongo da (Ipurua II). Bi espazio horiek osagarriak izango dira, eibartarrei kirol zerbitzuen eskaintza askotariko eta indartsu bat emateko xedez.

Ipurua II eraikin berria Santa Ines kaleko moja kontzeptzionisten komentuan zegoen partzelan kokatuko da. Lursailak 7.000 metro koadro ditu eta hasierako asmoa da espazio akuatiko berri bat egitea, 4 igerilekuz osatua (Ipuruako kiroldegiak duenaren halako bi), eta hainbat gela izango dituena: tonifikazioa, luzaketak, aerobika, spinninga edota antzekoak, eta zehazteko dauden beste gela batzuk. Ipurua I guneari dagokionez, Ipurua IIra pasatuko diren kirol-disziplinetako espazioak, hala nola igerilekuak, kirol disziplina berriak jartzera edo daudenak osatzera bideratuko dira, kirol federatuko jarduera eta entrenamenduei leku gehiago eginez.

Helburu horrekin, Jon Iraola Eibarko alkatea eta Ander Curiel Kiroletako zinegotzia lanean hasi dira teknikariekin proiektua abian jartzeko. Egitasmoak, nola ez, Kirolaren Eibarko Plan Estrategikoaren ondorioak jaso eta bertan aurreikusitako erronkak beteko ditu.

Hasierako proposamena uztailaren erdialderako egongo da amaituta. Hortik aurrera, proposamena modu formalean aurkeztuko zaio Kirol Patronatuko Zuzendaritza Kontseiluari, eta, ondoren, Kirol Mahaira eramango da, herriko kirol-klubek haren berri izan, aztertu eta ekarpenak egin ditzaten.

Jon Iraola alkatearen hitzetan: "Udalak herritarren beharrei erantzun behar die, eta kirolaren arloa da epe labur eta ertainera dugun erronketako bat. Beharrezkoa da herriari kirol-instalazio erakargarriak eta funtzionalak ematea, eta Ipurua IIko proiektuak, Ipurua I berrituarekin batera, kalitatezko zerbitzua eskaintzeko aukera emango digu, bai  erabiltzaile partikularrei, bai herriko klubei begira. Kirolean inbertitzea osasunean inbertitzea da” adierazi du. 

Ipuruako Polikiroldegia.

Ipuruako Polikiroldegia.