Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak lanean dihardu eskola-kirola espazio inklusibo bat izan dadin Eibarko umeentzat

Argazkia: stocksnap.io (Matt Moloney).

Argazkia: stocksnap.io (Matt Moloney).

2021/06/16

Jon Iraola alkatea kirol egokituaren eragileekin bildu da duela egun batzuk. Beharrezkoak diren oinarriak zehazten hasi dira Eibarren kirol egokitua eta inklusiboa eskolaren esparruan indartzeko, eta, aldi berean, kirola egiteko erraztasunak emateko.

Jon Iraola Eibarko alkatea eta Ander Curiel Kiroletako zinegotzia kirol egokituaren eta inklusiboaren hainbat ordezkarirekin bildu dira duela egun batzuk, eskola-kirolaren arloan premia bereziak dituzten haurren guraso batzuek hala eskatu ondoren, Eibarren arlo horretan atzemandako beharrak bertatik bertara ezagutzeko eta konponbideak koordinatzeko.

Bilera horretan, aipatutako guraso horiez gain, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko ordezkariak egon ziren, Eneko García Multikirolak-eko ordezkaria, eta Ander Romarate Eibar KE Fundazioak futbol inklusibo eta egokituaren esparruan duen programaren ordezkaria.

Hala, beharrezkoak diren premisak zehazten hasi dira Eibarren kirol egokitua eta inklusiboa eskolaren esparruan indartzeko, eta, aldi berean horretan aritzeko erraztasunak emateko, kirola egiteko eskubidea bermatu dadin eta edozein bazterketa mota saihesteko helburuz.

Horren harira, Joan Iraola alkateak zera esan du: “inklusio osoa lortzea prozesu luze bat izango da, baina, aldi berean, beharrezkoa, zeren eta gaur egungo ereduak ez ditu premia bereziak dituzten pertsona guztiak hartzen. Eta hauxe gaineratu du: “formazioa behar da monitoreentzat eta baliabide ekonomiko gehiago. Badira herri batzuk alor horretan aurrerapen handiak egin dituztenak, eta hori da jarraitu nahi dugun bidea”.

Hala, lehen bilera honen ondoren, beste bat egingo da uztailean, non mahai gainean jarriko diren Kirol Egokituen Federazioaren lehen proposamenak, eta ibilbide-orri bat ezarriko den Eibarko eskola-kirola egokitua eta inklusiboagoa izan dadin.