Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak jardunaldi bat antolatu du kirol esparrura bideratutako ekimen teknologiko berriak hedatu eta esperimentatzeko

2021/12/10

‘Teknologia Kiroletan’ ekimena abenduaren 10ean, 11n eta 12an egingo da Errebal Plazia eraikinean.

Hilaren 10ean, 11n eta 12an ‘Teknologia Kiroletan’ izeneko jardunaldia egingo da Errebal Plazia eraikinean; ekimena StarUp berritzaileek garatutako teknologia berriak hedatu eta esperimentatzeko espazio bat izango da, herritarrei eta kirol-agenteei zabalik egongo dena. Bertaratzen direnek aukera izango dute teknologia horiek lehen eskutik ezagutzeko aisialdiko formatu ludiko batean.

Ekitaldi hau Eibarko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Saila kirolaren esparruan egiten ari den apustuaren barruan kokatzen da; alegia, kirola espezializazio estrategikorako arlo gisa hartzen da, ekonomiaren eta enpleguaren motortzat, osasuna sustatzeko estrategiatzat, eta hezkuntza- eta pedagogia-baliabidetzat.

Ostiraleko, larunbateko eta igandeko hiru jardunaldietan hainbat proposamen egingo dira. Ostiraleko jardunaldia 17.00-22:00 bitartean izango da; larunbatekoa 11:00-14:00 bitartean eta 17:00-22:00 bitartean; eta igandekoa 11:00-14:00 bitartean eta 16:00-20:00 bitartean.

Jardunaldiei hasiera emateko, gaur, hilak 10, bideo bat proiektatuko da Errebalgo espazioan, zeinean Eibarko kirolari ezagunek beren esperientzia kontatuko duten teknologia berriek beren jardueran izan duten garrantziaren inguruan. Proiekzioan, besteak beste, Hodei Jainaga jabalina-jaurtitzaileak edo Asier Cuevas atletak.

Hiru jardunaldietan, hainbat proposamen eskainiko dira.  Lehena VIFIT izango da, entrenamendua eta fitness-ariketak gamifikatzeko errealitate birtualeko software bat.  Bigarrena ‘Futboltek’ izango da, futbolarien teknifikaziora eta jardunera bideratua. ‘Holocam’ proposamena jokalari-anitzeko instalazio bat da, kolaboratiboa eta familiartekoa, non dragoia garaitzeko jokalariek elkar komunikatzen eta taldean lan egiten ikasi behar duten. Eta laugarrena ‘Bike 360’ izango da, zeinak azterketa biometrikoen teknologia bat aurkeztuko baitu, bai eta indoor txirrindularitzako entrenamendu-sistema bat ere.

‘Teknologia Kiroletan’ ekimena Eibarko Udalak kirolaren inguruko garapen ekonomikoa sustatzeko egiten ari den apustua indartzera dator. Ildo horretan, ‘Sportek Hub’ proiektuan ere parte hartzen du; egitasmoa Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eibarko eta Donostiako Udalek, Eibarko Kirol Zerbitzuak, Realak, Eusko Jaurlaritzak eta Bic Gipuzkoak sustatzen dute, eta sektorean ekintzailetza teknologikoa eta berrikuntza bultzatzera bideratuta dago.

Gipuzkoako kirolari aplikatutako teknologia berritzaileen hub bat da, lurraldean dauden gaitasunak maximizatzeko helburuarekin sortua kirol-industria lehiakorra bultzatzeko; horretarako, ekintzailetza teknologikoa eta kirol-produktu eta zerbitzuen berrikuntza sustatzen da, ‘Startup’ berritzaileei laguntzen zaie eta sektoreko enpresa eta eragileetan berrikuntza eta negozio-eredu berriak txertatzeko lan egiten da.