Eibarko Udala

Udalak jakinarazten du Euskal Trenbide Sareak Unibertsitateko geltokiko nasen zoladura berrizteko lanak egingo dituela

2022/02/11
Unibertsitateko tren geltokiko artxiboko irudia.

Igandetik aurrera, trenen trafikoa eten egingo da gauez, 22:00etatik 07:00etara, hiru hilabetean, obrak egin bitartean. Egunez geltokiak normaltasunez funtzionatuko du, baita asteburuetako gauetan ere; aldi horietan ez da aldaketarik izango.

Igande honetatik aurrera, hilak 13, Euskal Trenbidea Sarea konpainia publikoak lan batzuk egingo ditu Unibertsitateko tren-geltokiko  (Amañako dorreen azpian) nasen zoladura berrizteko. Lanak hiru hilabetez luzatuko dira, eta hainbat afekzio eragingo dituzte, ETS entitateak Eibarko Udalari jakinarazi dionez.

Proiektuaren helburua da geltokiaren nasa bien zoladura berriztea erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko.  

Trenen trafikoan ahalik eta eragozpen gutxien egon dadin, lanak gauez egingo dira, 22:00etatik 07:00etara; hortaz, ordu horietan ez da trenik igaroko.  Tren-trafikoaren lehen etena igande honetan izango da, 22:00etan.  Eta horrela jarraituko du, gauero, gutxi gorabehera hiru hilabetean, asteburuetan izan ezik; alegia, ostiraletik larunbatera arteko gauetan eta larunbatetik igandera artekoan tren-trafikoa egongo da.

Egunero, gaueko lanak egin ondoren, obrako material guztiak erretiratuko dira, eta geltokia garbi geratuko da, erabiltzaileek tren-zerbitzua normaltasunez erabili ahal dezaten.

Obraren beste neurrietako batek geltoki ondoan dagoen errepideari eragingo dio, Torrekua kalearen azken zatian. Gauean erreietako bat moztuko da, eta behar den bezala seinaleztatuko.  Egunez bi erreiak egongo dira zabalik. Geltokiaren ondoko bizilagunei aldaketa hauen berri eman die ETS entitateak atarietan jarritako informazio-oharren bidez.