Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak izapideak egin ditu Eusko Jaurlaritzak Elektrozikloseko 4 etxebizitza eros ditzan

Artxiboko argazkia. Electrozikloseko etxebizitzak.

Artxiboko argazkia. Electrozikloseko etxebizitzak.

2024/05/06

Etxebizitza Sailak konpromisoa hartu zuen bere garaian, Eibarko alkatearen eskariz, trenbide parean dauden Elektrozikloseko beheko solairuko etxebizitzak erosteko, jabeek hala eskatuz gero. Konpromiso horren helburua, lehen egunetik bizilagunei helarazi zitzaiena, zera da: proiektuak Elektoziklosetik igarotzean eragin ditzakeen eragozpenak arintzea.

Eibarko ekialdea deiturikoak (Barakaldo, Barrena eta Azitain kaleak) aldaketa urbanistiko handiak izango ditu datozen hiru urteetan, hainbat proiektu estrategikoren bidez, ekialdea birgaitzea eta nabarmen hobetzea ahalbidetuko dutenak. Horretarako, 30 milioi eurotik gorako inbertsio ekonomikoak egingo dira.

Aurreikusitako proiektu nabarmenenak hauek dira: babes sozialeko etxebizitzak eraikitzea Rafael Lapeyra industria-eraikin zaharrean; Hijos de Gabilondo enpresa zaharraren instalazioak eta ingurunea birgaitzea; eta Estaziño eta Azitain arteko oinezkoentzako pasealekua sortzea, trenbidearen trazadura estaliz.

Azken proiektu horrek Barakaldo kaleko 29, 31, 33 eta 35 zenbakietako trenbide aurreko etxabeetan (Elektrozikloseko babes ofizialeko eraikina) izan ditzakeen eraginak arintzeko, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak, Udalak hala eskatuta, konpromisoa hartu zuen bere garaian egoiliarren etxebizitzak erosteko edo beste etxe batzuekin trukatzeko Eibarko beste leku batzuetan.

Adostutakoa betez, Eusko Jaurlaritza eta Udala 4 salmenta-eskari gestionatzen ari dira une honetan.

Horren harira, azken asteotan, lau bizilagunek aurkeztu dute Eibarko Udalean tramitea betetzeko beharrezkoa den dokumentazioa. Gainera, Eusko Jaurlaritza hasi da haiekin hitz egiten, xehetasunak eztabaidatzeko eta salmenta-eragiketak gorabeherarik gabe egiten direla bermatzeko.

“Neurri honek konponbide justu eta ekitatibo bat eman nahi die martxan dauden aldaketa urbanistikoek zuzenean eragindako bizilagunei. Egingo genuela agindu genuen eta egiten ari gara”, adierazi du Jon Iraola alkateak.

Herritarren eta Eusko Jaurlaritzaren artean bitartekari jarduteko alkatearen konpromiso horrek erakusten du toki-gobernuak bizilagunen aldeko soluzioak bilatzeko duen ikuspegi proaktiboa.

“Erakundeen arteko lankidetza (kasu honetan Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailarekin) eta egoiliarren parte-hartze aktiboa giltzarri dira proiektu urbanistiko hauen arrakasta eta hiriaren epe luzeko ongizatea bermatzeko”, gehitu du Iraolak.

Estaziño-Azitain pasealeku berria

Proiekturik nabarmenena, eta, zalantzarik gabe, hiriaren ekialdearen hiri-fisionomia gehien eraldatuko duena, Estaziño eta Azitain arteko trenbidearen gaineko pasealeku berria da. Obrak aurrera doaz erritmo onean, eta azken egunetan, Estaziñoko tren-geltokiaren inguruan, egitura handiaren lehen zatiak jartzen ibili dira.

Pasealekuaren proiektuak 17 milioi euroko aurrekontua izango du. % 90 Europako funtsekin finantzatuko da, eta gainerako % 10a, erdibana, Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean.  

Obrak 3 igogailu izango ditu pasealekura iristeko (Estaziñoan, Barakaldon Elektroziklosen aurrean, eta Barrenan) eta aurreikusita dago 2025ean amaitzea.