Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak hiru landa-bide asfaltatuko ditu

Artxiboko irudia.

Artxiboko irudia.

2023/10/31

Lehen fasean Arrateko errepidea Agirreazpikoa baserriarekin lotzen duen pistaren bi zati asfaltatuko dira eta bigarrenean Zozola eta Aritxulueta lotzen dituen pista. Udalak eta Andirao elkarteak mendi-bideak hobetzeko lortutako akordioaren parte dira datorren astean hasiko diren lanak.

Eibarko Udalak hiru landa-bide asfaltatuko ditu aurki, eta lehen fasea datorren  hilabetetik aurrera hasiko da. Arrateko errepidetik Agirreazpikoa baserrira doan pistan eta Zozola eta Aritxulueta lotzen dituen bidean egingo dira lanak, Udalak eta Andirao elkarteak iaz sinatu zuten akordioaren barruan.

Lehen fasea Arrate bidearen eta Agirreazpikoa baserriaren arteko pistaren bi zatitan egingo da. Zehazki, asfaltatze-lanak Arrateko errepidearen eta Mandiolagainekoa baserriaren arteko zatian eta Azpiri baserriaren eta Agirreazpikoa baserriaren arteko tartean egingo dira, bai eta pistaren hainbat adarretan ere.  3.650 m dira guztira hiru bat metroko zabalerarekin. Asfaltados Olarra izango da asfaltatzeen arduraduna; lanak datozen asteetan egingo dira.

Geroago Zozola eta Aritxulueta baserriak lotzen dituen pistan eta Ermuko adarraren zatian egingo dira lanak, bai eta Zozolarako bidean, zubiaren ondoren dagoen asfaltatuan ere. Lan horiek gaur egun proiektu-fasean daude, eta lanak azaroan lizitatzea espero da.

Eibarko Udalak eta Eibarko baserritarrak ordezkatzen dituen Andirao elkarteak akordio bat lortu zuten 2022ko azaroan, zeinaren bidez erabaki zen 1.750.000 euro bideratzea bost urteko epean herriko landa-ingurunea hobetzeko jardueretarako.  

Historian egindako inbertsiorik handiena da hau: 1.750.000 euro datozen bost urteetarako, alegia, 350.000 euroko inbertsioa urtean. Andirao, Eibarko baserritarrak biltzen dituen elkartea, oso pozik dago Udalak egindako esfortzuagatik. Jon Iraola alkateak adierazi duenez, "lan horiek aurrekoen ildo beretik doaz. Baserritarrek zuten eskaera handienari erantzun nahi diogu. Pozik gaude Andirao eta Udalaren artean dagoen sintonia oso onagatik. Elkarrekin lanean jarraituko dugu gure landa-auzoak hobetzeko".