Eibarko Udala
berrikuntza

Udalak hiri-laborategi industrial bat jarriko du abian Matxarian, industrialdearen berrikuntza eta biziberritzea bultzatzeko

2026/05/13
Eibar.
Eibar.

Innpulso Sareak finantzatutako proiektuak benetako esperimentazio-gune bihurtuko du Matxariako poligonoa, teknologia industrial berrietarako. Ekimenak jarduera ekonomiko berritzailea erakarri nahi du, espazio industrialak modernizatu eta Eibarrek erreferente industrial gisa duen papera indartu.

Innpulso Sareak Eibarko Udala aukeratu du Matxariako Sandbox Industriala garatzeko. Proiektu berritzaile honek Estatuaren finantzazioa izango du, eta Matxariako poligonoa jarduera industrial aurreraturako eta ingurune errealetako esperimentazio teknologikorako erreferentzia-gune bihurtzea du helburu. 

Proiektua “hiri-laborategi” kontzeptuan oinarritzen da, zeinak aukera ematen dien enpresei, ekintzaileei eta erakunde berritzaileei irtenbide teknologikoak baldintza errealetan probatzeko, eskala handian ezarri aurretik. Kasu honetan, Matxariako industrialdea saiakuntza-banku bihurtuko da, etorkizuneko industriari lotutako tresna eta sistema berriak probatzeko. 

Probatu ahal izango diren ekimenen artean honako hauek daude: energia-kontsumoa optimizatzeko adimen artifizialeko sistemak, airearen kalitatea monitorizatzeko sentsoreak, enpresen arteko ekonomia zirkularreko irtenbideak edo industria-kudeaketan aplikatutako biki digitalak.

Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu duenez, proiektu hau “aukera estrategiko paregabea da Eibarko nortasun industriala indartzeko eta etorkizuneko erronketara egokitzeko”. “Matxaria gutxi erabiltzen den espazioa izateari utzi eta ingurune dinamikoa bihur dadin nahi dugu, eta baita gai izan dadin jarduera ekonomiko berritzailea erakartzeko, kalitatezko enplegua sortzeko eta Eibar hiri industrial moderno gisa kokatzeko”, gaineratu du. 

Azpimarratu duenez, “industria Eibarko historiaren eta izaeraren parte da, baina lehiakorrak izaten jarraitu nahi badugu, berrikuntza eta esperimentazioa bultzatzen duten espazioak sortu beharra dago. Eta proiektu hau, hain zuzen, norabide horretan doa”.

Matxariako poligonoa aukeratzeko arrazoiak izan dira, besteak beste, hiriaren barruan duen garrantzi historiko eta industriala, pabiloi erabilgarriak egotea eta  auzoa berroneratzeko inbertsio publikoak aurreikusita egotea. Helburua da espazio hau gune erakargarri bihurtzea jarduera produktibo eta teknologiko berrietarako.

Vanesa Hortas Eibarko Udaleko Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak azaldu du proiektuaren alderdi garrantzitsuenetako bat esparru juridiko eta tekniko bat sortzea izango dela, esperimentazio-prozesu horiek segurtasunez eta bermeekin garatu ahal izateko.

 “Kontua ez da soilik teknologiak probatzeko espazio bat irekitzea, baizik eta irizpide argiak ezarriko dituen eredu serio eta ordenatu bat eraikitzea: zer proiektuk parte har dezaketen, nola ebaluatzen diren emaitzak edo zer protokolo jarraitu behar diren. Berrikuntzarekin batera politika publikoa sendoa izatea nahi dugu”, esan du Hortasek.

Halaber, zinegotziak azpimarratu duenez, Matxariako Sandbox industriala “proiektu pilotua izango da, eta hiri osoarentzat baliagarriak diren ikaskuntzak atera ahal izango dira bertatik”. Zentzu horretan, “Matxarian ikasten den guztia gero Eibarko beste industria gune batzuetan aplikatu ahal izango da, eta hobetu egingo da udalaren gaitasuna proiektu berritzaileei laguntzeko”, azaldu du. 

Udalak uste du ekimen hau urrats garrantzitsua dela ekonomia garatzeko eta industria birsortzeko duen estrategiaren barruan, industria-tradizioa, berrikuntza teknologikoa eta lankidetza publiko-pribatua uztartzen dituen hiri-ereduaren alde egiten du-eta.