Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak hiri-altzaritan 110.000 eurotik gorako inbertsioa egin zuen 2022an

Artxiboko argazkia.

Artxiboko argazkia.

2023/01/05

Iaz, hamar banku jarri ziren, eta ehun bat paperontzi eta LED argi baino gehiago. Horrez gain, haur-parke bat oso-osorik berritu zen. Halaber, gimnasia egiteko elementu bio-osasungarriak ere erosi dira eta laster jarriko dira Muzategiko parkean.

Eibarko Udalak 115.000 euro inbertitu ditu amaitu berri den 2022ko ekitaldian hiri-altzariak hobetzeko eta berritzeko. Besteak beste, banku eta paperontzi berriak jarri ditu herri osoan, lehengo luminaria zaharren ordez LED motako beste argi batzuk jarri ditu, haurrentzako parkeak berritu ditu eta gimnasia egiteko aparatuak jarri ditu kalean.

Kaleetan jarritako hiri-altzari gehienak berriak izan dira. Hala ere, lehendik zeuden baina konpondu eta berreskuratu diren banku batzuk ere ipini dira pintatu, lixatu eta konpondu ondoren, iraunkortasun-, birziklatze- eta erantzunbehar-irizpideen arabera, alferrikako gasturik ez egiteko.

Jon Iraola alkateak zera esan du: “Eibarko Udalak inbertsio ahalegin handia egiten du hiriko aisialdi- eta egonaldi-espazioak ahalik eta atseginenak eta erosoenak izateko. Hala ere, elementu berriak erosteaz gain,  oraindik egoera onean daudenak berriro erabiltzeko moduan uzten ditugu tratamenduren bat eman ondoren. Alde horretatik, funtsezkoa da herritarrek arduraz erabiltzea hiri-altzarien elementuak, haien kostua aparte lagata, hirirako beharrezko zerbitzua eskaintzen baitute.”

Paperontziei dagokienez, 27.332 euro inbertitu dira hiru modelotako 152 paperontzi berri erosteko. Horietako gehienak dagoeneko jarrita daude.

Paperontzi gehienak Karmen, Barakaldo, Txaltxazelai, Estaziño, Toribio Etxebarria, Barrena, Urkizu, Miguel de Aginaga, Polonia Etxeberria edo Bista Eder kaleetan jarri dira. Baina paperontzi berriak beste hainbat kaletan eta tokitan ere jarri dira: Legarren, Torrekuan, Otaolan, Indalezio Ojangurenen, Juan Gisasolan, Tiburzio Anituan, Bidebarrietan, Mirafloresen, Unben, Arratebidean, Azitaingo industrialdean, San Agustinen, Txikito de Eibar kalean, Ipuruan, Wenceslao Orbean, Legarregainen, Juan Antonio Iturriozen, Sostoatarren kalean, Matxarian, Ziriako Agirren, Ubitxan, Bittor Sarasketan, Fray Martin Mallean, Bustinduitarren kalean, Santainesen, Jardiñetan, Orbea kiroldegian, Txontan, Arraguetan eta Errebalen.

Bankuei dagokienez, 2022an, guztira 10 banku berri jarri dira, 2021ean erositakoak, Legarreko frontoian (4), Bistar Eder kalean (2), Juan Antonio Iturriozen (2) eta Toribio Etxebarria eta Legarregain kaleetan (bat kale bakoitzean). 

Era berean, iaz lehengo argiteria publiko zaharraren ordez LED motako argiak jarri ziren Legarre auzoan eta Polonia Etxeberria kalean, Udalak 65.000 euroko inbertsioa eginda. Guztira, alde bi horietan 132 argi jarri ziren betiko farolak Eibar osoan pixkanaka kentzen joateko Udalak duen planaren barruan, haien ordez ekologikoagoak eta energia gutxiago gastatzen duten argiak jarrita.

Haurrentzako parkeei dagokienez, 2022an, Untzaga dorrearen atzealdean dagoen Txaltxa zelaiko jolas-parkea osorik berritu zen, 18.150 euroko kostuarekin.

Azkenik, ia 5.000 euroko inbertsioa egin zen elementu bio-osasungarriak erosteko:  Muzategiko parkean laster jarriko diren sei gimnasia-aparatu, alegia.

Jarduketa hauek guztiak Udal Brigadak gauzatu ditu, horretarako kontratatutako Lanbideko langileekin batera.