Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak herriko hainbat tokitan hobekuntza- eta konpontze-lanak egiten dihardu

Barakaldo kalearen artxiboko irudia.

Barakaldo kalearen artxiboko irudia.

2023/10/10

Joan den astean barandak aldatu ziren Amañan, eta azaroan Unbeko ur-biltegiko obra egingo da. Irekita dago Hijos de Gabilondo-ren eraispen partzialerako eta Urki 9-11 osteko horma egonkortzeko lanen eskaintzak aurkezteko epea.

Udalak herriko hainbat tokitan hobekuntza- eta konpontze-lanak egiten dihardu. Ia milioi bat euro bideratuko ditu bost obra egiteko.

Tiburtzio Anitua kaleko 23 eta 31 zenbakietan pegoretara iristeko pasarelen barandak aldatzeko lanak amaituta daude dagoeneko. Lanak «Obras especiales edificación e infraestructuras S.A.U.» enpresak egin ditu, eta aurrekontua 42.373,30 eurokoa izan da.

Aurreikusita dago datorren hilean beste bi lan hastea. Unbeko ur-biltegirako sarbidea lehengoratzeko lanaz «Obras y servicios Basauri S.L.» enpresa arduratuko da; obraren aurrekontua 239.039,64 eurokoa da eta egikaritze-epea 15 astekoa.

2021eko abenduan eta eurite gogor batzuen ondorioz, Unbeko ur-biltegirako bidean lur-jausi bat gertatu eta urak bide zati bat eraman zuen aldapan behera. Pendiz handiko malda bat da, eta haren azpian Unbeko kirol-instalazioetarako sarbidea dago; espaloi bat ere kaltetu egin zen.

Lanek toki hori lehengoratuko dute, Lurtek-en azterlan geoteknikoak ezarritako jarraibideak aintzat hartuz. Eskoilera-harriz egindako hormigoizko horma baten bidez eutsiko zaio bideari; horma mendi-hegaleko arroka osasuntsuan finkatua egongo da eta batatxe-sistemarekin egina. Horrez gain, ezpondaren beheko aldea babestu eta egonkortu egingo da haren zati meteorizatuenean, buloi pasiboen bidez eta gunitazko estaldurarekin. Gainerakoan tortsio hirukoitzeko sare bat jartzea aurreikusi da, ezpondari piken bidez lotua, jausi daitezkeen harri-zati txikiak jasotzeko.

Azaroan, halaber, Urki 9-11 atzealdea egonkortzeko obrak hasiko dira.  Aurrekontua 715,70 eurokoa da eta lanak egiteko epea bi hilabetekoa; eskaintzak aurkezteko epea datorren astean amaituko da.

Joan den otsailean, zenbait garaje eta lokaletarako sarbideko lur-eremua mugitu egin zen, eta atzealdea mugatzen duen petrila eta euste-hormaren zati batzuk egoera ezegonkorrean geratu ziren. Uztailean ezpondaren oinean dauden eraikinak babesteko lanak egin ziren, eta orain, egonkortzeaz gain, zoladura lehengoratzeari eta petrila berreraikitzeari ekingo zaio.

Bestalde,  ura sartzen dela-eta Unbeko kirolguneko tenis- eta padel-pisten estalkia konpondu beharko da eta lanek 16 aste iraungo dute.  Obra «Cumenorte S.L.» enpresari esleitu zaio, 264.886, 16 euroko aurrekontuarekin.

Anbizio handiko proiektua

Azkenik, irekita dago urriaren 31ra arte «Hijos de Gabilondo» eraikinaren zati bat eraisteko eskaintzak aurkezteko epea. Aurrekontua 350.331,46 eurokoa da eta 14 asteko exekuzio-epea izango du.

Lan horiek datorren urtearen hasieran egitea espero da, aurretik instalazioetatik amiantoa kentzeko lanak egin behar baitira.  Anbizio handiko proiektu baten lehen urratsa izango da, eta lan hauek egitea aurreikusten da: jatorrizko etxebizitza-eraikina birmoldatzea eta atzeko alboetako zatiak eraistea, eta, horri esker, besteak beste, espaloiak zabaltzea, eremua berdeztatzea, eta aparkaleku berriak sortu ahal izatea. Lan horren bidez, Eibarko Udalak gune berri bat emango dio Urkizu-Barrenari jarduera sozio-ekonomiko eta soziokulturalak garatzeko eta aisialdirako.