Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak hautesleku batzuk lekuz aldatu ditu segurtasuna bermatzeko

Eibarko Udala.

Eibarko Udala.

2020/06/16

Amañako mahaiak (dorreak eta parrokiaren lokalak), Ego Gain gerontologikokoak eta Coliseo antzokiko 2. barrutiko 5. sekzioari dagozkionak beste toki batzuetara eramango dira. Gainerako mahaiak betiko tokian egongo dira.

Eibarko Udalak hautesleku batzuen ohiko kokapena aldatzea erabaki du, uztailaren 12ko hauteskunde autonomikoei begira, hautesleen segurtasun-tarteak bermatzeko eta sarrerak eta irteerak errazteko zirkuituak ezartzeko, Hauteskunde Batzordeak ezarritako osasun-gomendioei eta -irizpideei jarraituz.

Zehazki, aldaketak izango dira Amañako dorreetan dauden mahaietan, Amañako parrokiako lokaletan daudenetan, Ego Gain gerontologikoan eta Coliseo antzokiko mahai batzuetan..

Hala, Amañako dorreetako bi mahaiak eta auzo horretako parrokiakoak Amañako ikastetxera joango dira (Artegieta 6 zenbakia). Ego Gain gerontologikoko mahaien kasuan, Torrekuako osasun-zentrora joango dira. Eta, azkenik, Coliseo antzokiko ohiko mahai bietatik, 2. barrutiko 5. sekzioari dagozkionak Untzagako Jubilatuen etxera joango dira.

Zehazki, Coliseo antzokiko mahaien aldaketak eragindako hautesleak honako kale hauetan erroldatutakoak izango dira: Legarre (bakoitiak), Aldatze (osoa), Ardantza (osoa), Arratebide (2 zenbakitik 24ra),  Mekola (osoa) eta San Juan (osoa). Lehen Coliseoan botoa ematen zuten gainerako bizilagunek toki berean emango dute botoa.

Aldaketa hauek egin dira, hautesleku horietan ezin zirelako bermatu COVID-19ren ondorioz ezarritako osasun-protokoloen segurtasun-neurriak, lokalek tamaina oso txikia dutelako, edo sarrera eta irteera bereizirik ez dutelako. 

Eibarren boto-eskubidea duten hautesleak 21.033 dira, 2020ko otsailaren 27an itxitako erroldaren arabera. Botoa emateko eskubidea duten pertsona horiek guztiak 37 mahaitan banatuko dira, 10 hauteslekutan banatuta.

Mahai-zozketako Osoko bilkura

Atzoko egunez –ekainak 15- Udal Osoko bilkurak datorren uztailaren 12ko hauteskundeetako mahaien zozketa egin zuen. Mahaietan egoteko izendatutako pertsonek aste honetan zehar jasoko dituzte jakinarazpenak.