Eibarko Udala
haurreskolak

Udalak Haurreskolako 40 plaza gehiago sortuko ditu 0-2 urte bitarteko umeentzat

2025/03/31
Artxibo irudia. Orbeako haurreskola.
Artxibo irudia. Orbeako haurreskola.

Bi lokal egokituko dira, bata Jazinto Olaben eta bestea Blas Etxeberrian, 2025ean eta 2026an, herrian dagoen eskabideari erantzuteko.

Azken hilabeteetan, familia askok kezkatuta jo dute Udalera, haurreskoletan plaza gutxi daudela salatzeko. Eskabideetan gorakada handia egon da, bereziki zerbitzua 2023-2024 ikasturtean doakoa egin zenetik; guraso askok soluzioa eskatzen dute, beren seme-alabek haur hezkuntzan plaza bat izan dezaten bermatzeko.

Premia honi erantzuteko, Eibarko Udalak bi lokal egokituko ditu datozen hilabeteetan, Haurreskolako 40 plaza berri sortzeko 0-2 urte bitarteko umeentzat.

Bata Jazinto Olaben egongo da, ludoteka ondoan, eta bestea Blas Etxeberrian, El Cascoko eraikin berrietako baten etxabean.

Iraolaren hitzetan “Asmoa da lokal bat aurten egokitzea eta bestea datorren urtean. Hala ere, plan hauek aldatu eta obra biak aurten egin litezke, eskuragarri dagoen aurrekontuaren arabera. Obrak eginda daudenean, Haurreskolen Partzuergoaren esku lagako ditugu".

Gainera Iraolak, jarduketa honek herritarren benetako eskabide bati erantzuten diola azpimarratu du.  “Geroz eta jende gehiago ari da zerbitzu hau eskatzen.  Beraz, uste dut prestatuta egon behar dugula eta behar adina leku eskaini. Helburu hori ahalik eta epe laburrenean lortu nahi genuke, horrek, zalantzarik gabe, eragina izango baitu gure bizilagunen bizi-kalitatean”.