Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak hasiera emango die 'Eibar Kirolaren Europar Hiria 2023' izendapena dela-eta antolatu dituen jarduerei, herriko kirol-eragileei aitortza egiteko ekitaldi batekin

'Eibar Kirolaren Europar Hiria 2023' logotipoa.

'Eibar Kirolaren Europar Hiria 2023' logotipoa.

2023/01/31

Ekitaldia gaur izango da, urtarrilak 31, eta jada kirol-kluben, kirol-espazioen, ikastetxeen eta kirolarekin lotutako beste eragile batzuen 60 bat ordezkarik berretsi dute bertan izango direla; “Eibar Kirolaren Europar Hiria 2023” izendapenaren kopiak banatuko dira. Horrez gain, Eibarko hautagaitzarako prestatu zen bideoa proiektatutako da.

Gaur, urtarrilak 31, Portaleko Areto Nagusian ekitaldi bat egingo da 19:00etatik aurrera, non Udalak Eibarko klubek, kirol-espazioek, ikastetxeek eta kirolari lotutako beste eragile batzuek Eibarren egindako lana aitortuko duen. 60 bat kirol-eragilek berretsi dute jada ekimenean izango direla.

Ekitaldi honekin, Udalak hasiera emango die Eibar Kirolaren Europako Hiria 2023 tituluaren esparruan aurten antolatu eta bultzatuko diren jarduera eta probei. Lehenik eta behin, Eibarko Udalak herriaren hautagaitzarako prestatu zuen bideoa proiektatuko da. Ondoren, bertaratutako ordezkari bakoitzari, joan den abenduaren 6an Bruselan Jon Iraola alkateak eta Ander Curiel Kirol zinegotziak  jaso zuten “Eibar Kirolaren Europako Hiri” izendapenaren diplomaren kopia bana emango zaio. Halaber, aitortza horretarako sortutako logoaren erreplika bat emango zaie.

Ekitaldiari amaiera emateko, Eibarko Udalak omenaldia egin nahi dio duela gutxi hil den Manu Aguirreri, hogei urtez Eibarren judoaren alde egindako lana aitortzeko; izan ere, herrian judoa eta arte martzialak sustatu zituen eta Kalamua judo-klubaren sortzaile izan zen.

Iazko azaroan, Kirolaren Europar Hiriaren aitortza lortu zela berretsi ondoren, Udalak kirol-ekimenen programazio bat diseinatzeari ekin zion, Eibarren kirolaren alde egiten den apustua eta lana indartzeko.

Hain zuzen, ekimen horietako batzuk zehaztu dira dagoeneko, hala nola datorren apirilean egingo den Itzulia Basque Challenge 2023, Itzuliaren lehen lasterketa zikloturista; 2023ko uztailean antolatuko den Munduko Jugger Txapelketa; edo aurki txakurrekiko kiroletan arituko den herriko klub bat Udalak sortzen laguntzea.

Iraola alkatearen hitzetan, “argi daukagu lortu dugun errekonozimendu hau ez dela Udalaren meritua bakarrik, baizik eta proposamen eta zerbitzu aukera zabala eskaintzen duten kirol-eragile guztiena ere. Zalantzarik gabe, Eibar Kirolaren Europar Hiria baldin bada kirol-ekosistema aktiboa duelako da, era guztietako kirol-diziplinak sustatzen dituzten hogeita hamar klub inguru dituelako, eta era guztietako adin eta baldintza fisikoak dituzten pertsonentzako kirol-instalazioak eta -espazioak dituelako”.