Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak hainbat hobekuntza eta eraberritze-lan egingo ditu Untzagako eta Beheko Tokiko jubilatu-etxeetan

Untzagako jubilatuen-etxeko irudia.

Untzagako jubilatuen-etxeko irudia.

2021/12/22

Lizitaziora irten dira Untzagako Zentro Sozialeko portxea kentzeko eta Karmen kalean lokal bat egokitzeko lanak; Udalak laga dio lokala Beheko Tokiari azken horrek bere instalazioak handitzeko. Bi proiektuen kostua 200.000 eurokoa da; jubilatu-etxeek egindako eskaerei erantzuten diete lanek.

Eibarko Udalak hainbat lan atera ditu lizitaziora Untzagako eta Beheko Tokiko jubilatu-etxeak hobetzeko eta eraberritzeko. Untzagako Zentro Sozialean arkupea itxiko da espazio gehiago eduki ahal izateko. Beheko Tokiari dagokionez, Udalak lagako duen lokal batean hainbat egokitzapen-lan eginko dira.

Untzagako Jubilatuen Etxeko arkupea ixteko lanak 93.248 euroan irten dira lizitaziora, eta obrak egiteko epea 12 astekoa izango da. Karmen kaleko lokala egokitzeko lanek, berriz, 111.797 euroko kostua dute eta 18 asteko egikaritze-epea. Bi kasuetan, interesa duten enpresek eskaintzak aurkezteko epea urtarrilaren 31n amaituko da.

Untzagako Zentro Sozialerako egitasmoan eraikinaren sarbide nagusira ematen duen portxea kenduko da, toki hori Eraikinaren instalazioetan txertatzeko. Horretarako, espazioa ixteko erabiliko den kristal-itxitura beheko solairuan portxearen zati bat txertatu zenean egin zenaren antzekoa izango da. Fatxada berrian ate bikoitz bat egingo da eraikinari sarbidea emateko.

Jarduera honekin bi helburu lortuko dira. Batetik, Eraikinaren espazioa handituko da, hainbat metro kuadro irabaziko baititu.  Eta, bestetik, babestu egingo da lokalaren sarrera; izan ere, arkupearen zati bat, Txaltxa Zelairako eskailera mekanikoetara ematen duena, baloiekin jolasteko erabiltzen da, eta arriskutsua da eskaileretara doan jendearentzat.

Proiektuak beste jarduera osagarri batzuk ere jasotzen ditu, hala nola bi bulego eta harrera-gune bat egitea ataripea kenduta irabazitako espazioan; beheko solairuan atondo bat sortzea; lehen solairuko informatika-aretoaren rack-a modernizatzea; eta eraikinaren hainbat gunetako iturgintzako, saneamenduko, elektrizitateko, argiteriako eta telekomunikazioetako lanak egitea.

Beheko Tokia jubilatu-etxearen kasuan, Udalak akordio bat lortu du Karmen kaleko 15 zenbakian dagoen lokal baten jabetzarekin, zeinaren arabera Udalak errentaren hileko kuota ordaindu eta jubilatu-etxeari lagako baitio, eraberritze- eta egokitze-lanak egin ondoren.  Lagapen horrek aukera emango dio Beheko Tokiari leku gehiago izateko, eta, ondorioz, ohiko jarduerak edo beste batzuk egiteko. 

Beheko Tokiak izango duen lokal berrian, bi areto handi egingo dira. Batean jarduera fisikoak, hala nola gimnasia edo dantza egingo dira, edo baita erakusketak ere, noiz edo behin. Eta bestean askotariko jarduerak antolatu ahal izango dira: bilerak, ikastaroak, irakurketak edo errehabilitazioa.

Bestetik, lokal berrian beste hiru gela egingo dira, txikiagoak. Lehena informatika eta teknologia berrietarako erabiliko da. Bestea edertasunaren eta gorputz-osasunaren zaintzarako. Batean edertasunarekin lotutako jarduerak egingo dira, esaterako, ile-apaindegia, manikura edo pedikura. Eta, bestean, gorputz-osasunarekin lotutakoak, hala nola, masajeak.

Komunak egongo dira, sarbideak hobetuko dira, instalazio elektrikoa handituko da, aireztapen- eta klimatizazio-sistemak eta sutearen kontrako babes-sistemak jarriko dira, kanpo-arotzeriako lanak egingo dira eta baita estaldura-lanak ere.

Bestetik, aurrekontu-partida bat aurreikusi da altzariak eta material informatikoa erosteko, lokalaren premia berriei aurre egitea ahalbidetuko duena.

Bi jarduera horietaz gain, Udalak lanean dihardu herriko beste jubilatu-etxeetako hobekuntza-egitasmoetan, etxe horietako arduradunek hala eskatuta, eta datorren urtean erantzungo zaie eskaera horiei.

Jon Iraola alkatearen arabera, “orain lizitaziora atera diren jarduerekin erantzuna ematen diogu Udalari behin eta berriz egin dioten eskaerari. Gure nagusiek arreta berezia merezi dute eta elkarrekin egoteko instalazioak eta tokiak eman behar zaizkie bertan egingo dituzten jarduerei egokituak”.