Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak gune ludiko bat jarriko du herriaren ekialdeko familien eskura Bittor Sarasketa epaitegi zaharreko eraikinaren etxabean

Bittor Sarasketa epaitehi zaharreko eraikinaren irudia.

Bittor Sarasketa epaitehi zaharreko eraikina.

2020/03/11

Eusko Jaurlaritzarena da eraikin hori eta 2019az geroztik Etxebizitza Sailaren eskuetan dago. Esandako gune ludikoaz gain, herriko gazteentzako alokairu babestuko apartamentuak ere izango ditu. Orain dela egun batzuk Eibarko Udalarekin izandako bileran, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak konpromisoa hartu zuen, epe motzean, haren teilatuak behar dituen konponketak egiteko eta eraikinaren perimetroan segurtasuna hobetzeko.

Eibarko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak akordio honetara iritsi dira: Eusko Jaurlaritzak Eibarko Udalari lagako dio Bittor Sarasketan dagoen epaitegi zaharraren —2019az geroztik sail horri atxikita—  beheko solairua, Udalak bertan jolas-zentro bat jarri ahal izan dezan, herriaren ekialdeko familiei zerbitzua emateko.

Udalak eta herritarrek eraikin hura ezertarako ez dela erabiltzen ikusita eta  herriaren erdialdeko gune batean hondatuta edukitzeagatik duten ezinegonaren aurrean sentibera, Iñaki Arriola sailburuak zuzentzen duen Etxebizitza Sailak Eusko Jaurlaritzako Ondare Sailari (epaitegiek urte asko egon dira Hezkuntza Sailari atxikita, baina ez zen inolako proiekturik gauzatu) jakinarazi zion eraikin esanguratsu hori osorik birgaitzeko eta udalerrian bizi diren gazteentzako apartamentu-zuzkidura bat sortzeko asmoa zuela. Gazteek beren kapazitate ekonomikoari egokitutako errenta ordainduko dute, merkatu librekoa baino askoz txikiagoa; horrela, gaur egun herrian dagoen eskabideari erantzun ahal izango zaio.

Plan horiek ezagututa, Eibarko Udalak etxabea eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari zentro ludikoa zabaltzeko. Hala, Udaleko gobernu-taldearen planen ildotik, Udalak handitu egingo du herriaren gune horretan eskaintzen dituen hezkuntza-, kirol- eta aisialdi-zerbitzuen katalogoa.

Etxebizitza Sailak Eibarko Udalari jakinarazi dio oso aurreratuta dagoela obra-proiektuaren idazketa, eta, Sailaren ustez, baliteke obra urtearen bigarren erdian lizitaziora ateratzea.

Jon Iraola zinegotziaren hitzetan, “Eusko Jaurlaritzak hainbeste urte hutsik daraman Bittor Sarasketa epaitegi zaharraren eraikinari bigarren bizitza bat eman nahi izatea, berez eta izatez, albiste ona da. Eta, gainera, eraikin horrek, hemendik denbora gutxira, gure gazteentzat bereziki egindako apartamentuak hartuko dituela eta Udalak han zentro ludiko bat ireki ahal izango duela jakitea, eta ekialdeko familiek disfrutatzeko topagune bat eduki ahal izango dutela jakitea, albiste bikaina da."

Bere aurreikuspenen arabera, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saila ezingo da hasi eraikina birgaitzeko lanak egiten hilabete batzuk barru arte. Hori dela eta, Eibarko Udalarekin duela egun batzuk egindako bileran konpromisoa hau hartu zuen:  denbora gutxi barru eraikinaren estalkiak behar dituen konponketak egingo dituela eta eraikinaren perimetroko segurtasuna hobetu.