Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak garraio publikoaren aldeko apustua egin du Arrateko jaietan

2018/09/05

Udalak beharrezkoak diren gestioak egin ditu gaueko zerbitzuen maiztasuna handitzeko eta zerbitzuak doan izateko. Irailaren 8ari dagozkion bidaien txartela 1 € kostatuko da, aurreko urteetako prezioaren erdia. Neurri honekin, Udalak gauez ibilgailu partikularrak erabiltzea saihestu nahi du eta Arratera doazen pertsonen segurtasuna bermatu.

Aurten Arretara igotzeko autobus-zerbitzu asko, igotzeko zein jaisteko, doakoak izango dira, eta ordaindu beharko diren zerbitzuetan, prezioa iaz kobratzen ziren bi eurotatik aurten euro bat kobratzera pasako da.

Miguel de los Toyos alkateak zera adierazi du: “Pozik nago zerbitzuan lortutako emaitzekin, aurreko urteekin alderatuta aldea nabarmena da-eta. Aurrekontu- eta prozedura-kontu batengatik, ez da posible izan bidaia guztiak doakoak izatea, eta horixe zen gure helburua; nolanahi ere, eutsi egiten diot neure asmoari, eta konfiantza daukat 2019ko Arrateko jaietan zerbitzu guztiak zero kostua izango dutela".

Hauexek dira egongo diren zerbitzuak:

Ostiralean, irailak 7, Arrate egunaren bezperan, igotzeko zein jaisteko zerbitzu guztiak doan izango dira.  Autobusak Egogaineko geltokitik irtengo dira Arrateruntz 17.00, 18.00, 19.00, 20.00, 21.00 eta 22.00etan.

Arratetik Eibarrera 17.30, 18.30, 19.30, 20.30, 21.30 eta 22.30ean irtengo dira. Gauez ere txartelak doan izango dira. Aurten, zerbitzu batzuk doan izateaz gain, berrikuntza da Arratetik jaisteko zerbitzua ordubete lehenago hasiko dela: 2:00etan izan beharrean 1:00ean izango da, eta autobus bat egongo da orduero 8:00ak arte.

Arrate egunean, irailaren 8an, Arraterako autobus-zerbitzu iraunkorra egongo da, bai igotzeko bai jaisteko, goizeko 8:30etik aurrera (bete ahala irteten hasiko dira), Toribio Etxebarria kaletik irtenda, aurreko urteetan bezala. Itzulerako azken autobusa Arratetik irtengo da 21:00etan. Txartelaren prezioa egun horretan, igotzeko nahiz jaisteko, 1 eurokoa izango da. Alegia, prezioa erdira murriztuko da iazko 2 eurorekin alderatuta.

Eta larunbatetik iganderako goizaldean, jaisteko doako zerbitzua jarriko da martxan gaueko 1:00etatik goizeko 8ak arte.

Irailaren 9an, igandean, Arratera igotzeko zerbitzuak Euskotrenek asteburuetan eskaintzen dituen ohikoak izango dira; Eibartik (Urkizutik hasita eta Errebalen eta San Juan kalean geratuta) irtengo dira 9.00, 10.00, 11.00, 13.00 eta 18.00etan. Eta Arratetik 9.30, 10.30, 11.30, 13.30 eta 18.30ean irtengo dira. Gainera, Arratetik jaisteko zerbitzu berezi bat egongo da 21:30ean. Egun horretan irteerak ohiko lekuetatik egingo dira eta txartelaren kostua ere urtean zehar kobratzen dena izango da.

Neurri honekin, Eibarko Udalak txartelen kostua merketuz esfortzu ekonomiko bat egin du, helburutzat izan baitu ibilgailu partikularrak ez erabiltzea erabiltzaileen segurtasuna bermatze aldera. Prezioen murrizketa honek 15.000 euro inguruko kostua dakarkio Udalari.