Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak gaitzetsi egiten ditu maiatzaren batean Eibarko kaleetan izan ziren liskarrak

2016/06/06

Eibarko Udaleko Bozeramaileen Batzarrak mozio bat onartu du “larriak” irizteko maiatzaren batean hiriko hainbat kale, hiri-altzari eta eskulturari egindako erasoak, eta bere elkartasuna agertu die erasoek kaltetutakoei.

Proposamena EAJren taldeak aurkeztu zuen, eta udal-talde guztien babesa jaso zuen, EH Bildurena izan ezik, hura abstenitu egin zen eta. Mozioan azaltzen da maiatzaren batean, iaz bezala, eraso egin zietela hainbat bankuri, dendari, eta hiri-altzariri, eta erasoek hiri-paisaia lotsagarria utzi zutela, eta, larriagoa dena, gure hiriko herritarren elkarbizitza baketsua urratu zutela.

Gertaera horiek salatzean, Udalak erakundeei eta gizarteari oro har dei egiten die berrestera indarkeriaren kontrako euren konpromiso argia, eta lan egitera berriro jazo ez dadin maiatzaren batekoen moduko gertaerarik.

Gainera, onartu den mozioaren bidez, Udalak Ertzaintzari eta Udaltzaingoari eskatzen die lanean jarraitu dezatela halako gertaerarik berriro ez jazotzeko, eta adierazten du bere nahia gertaerak argitu daitezen, aurkitu dadin zeinek egin zituen eta erantzukizunak argitu daitezen.