Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak erosketa-bonu kanpaina berri bat jarriko du martxan astelehenean, maiatzak 22, 8.100 bonu aterata

Erosketa-bonu kanpaina berriaren irudia.

Erosketa-bonu kanpaina berriaren irudia.

2023/05/19

Ekimenak % 20 eta % 25 arteko beherapenak izango ditu eta ekainaren 18ra arte iraungo du, merkataritza- eta zerbitzu-, ostalaritza- eta elikadura-kategorietako bonuak eskainiz. Guztira 153 establezimenduk egin dute bat Udalak Merkataritza Gune Irekiarekin batera sustatutako ekimenean.

Datorren astelehenean, maiatzak 22, udaberriko erosketa-bonuen kanpaina berri bat hasiko da. Guztira merkataritzako, zerbitzuetako, ostalaritzako eta elikadurako 153 establezimenduk hartuko dute parte. Kanpaina berria, Eibarko Udalak bultzatu eta diruz lagundu du 75.000 eurorekin, eta Eibar Merkataritza Gune Irekiarekin lankidetzarekin antolatu da.

Jon Iraolak adierazi duenez, “urtero martxan jartzen ditugun bonuen kanpainak erakusten ari dira oso pizgarri garrantzitsuak direla erosketak egiteko eta gure herriko saltokietara etortzeko. Pizgarri ekonomiko garrantzitsuak dira Eibarko establezimenduek eskaintzen dituzten zerbitzu eta produktu onak eta askotarikoak ezagutarazteko, eta, aldi berean, produktu horiek prezio askoz merkeagoan erosteko”.

Edizio honetan, kanpaina merkataritza-, zerbitzu-, elikadura- eta ostalaritza- sektoreei irekita dago; beraz, modalitate bakoitzerako bonu bereiziak izango dira, eta baldintza ezberdinak ezarriko dira horietako bakoitzerako.

Kanpaina honetarako zenbateko ezberdinetako 8.100 bonu atera dira guztira, aurreko edizioan halako bi ia; eta era guztietako establezimenduetan erosketak egin eta zerbitzuak eskuratu ahal izango dira, % 20 eta % 25era arteko deskontuekin.  

Sektore bakoitzerako aterako diren bonuei dagokienez, ostalaritzaren arloan 2.420 jarriko dira herritarren eskura, bitan zatigarriak; 15 euroko salmenta-prezioa eta 20 euroko balioa izango dute.

Merkataritzaren eta zerbitzuaren sektorean, 4.660 bonu egongo dira, bitan zatigarriak; 40 euroko salmenta-prezioa eta 50 euroko balioa izango dute.

Eta, elikaduraren sektoreari dagokionez, 1.020 bonu jarriko dira salgai; 15 euroko prezioa izango dute eta 20 euroko balioa.

Esan beharra dago bonu-kopuru jakin bat egongo dela Eibarren bizi diren pertsonentzat eta beste herri batzuetan bizi direnentzat, eta bonu-kopuru jakin bat jarriko da salgai, halaber, online salmentarako eta aurrez aurreko salmentarako; azken modalitate hori Eibarren bizi diren 60 urtetik gorakoentzat izango da soilik.  

Eibarren bizi diren pertsonentzat, 6.890 bonu aterako dira; beste herri batzuetako pertsonentzat, 1.210.  

Honelaxe salduko dira bonuak:  Eibarren bizi diren pertsonentzat, eta online-sistema bidez, maiatzaren 22an 5.170 bonu jarriko dira salgai. Beste herri batzuetan bizi direnei dagokienez, astelehenean 1.210 bonu aterako dira online-salmentan. Aurrez aurreko salmentaren kasuan, astelehenean 1.720 bonu salduko dira 60 urtetik gorakoak izan eta Eibarren bizi direnentzat.

Bestalde, bonuak erabiltzeko epea maiatzaren 22tik ekainaren 18ra bitartekoa izango da. Gehienez ere bi bonu eros daitezke modalitate bakoitzeko, eta mota bereko bonuak 25 euroko bi erosketatan edo gehiagotan metatu eta zatika daitezke, merkataritzaren eta zerbitzuen kasuan, eta 10 euroko erosketetan, ostalaritzaren eta elikaduraren kasuan.

Ekainaren 2tik aurrera, ordurako eskuragarri dauden bonu guztiak Eibarren bizi diren pertsonen eskura jarriko dira, eta Internet bidez bakarrik salduko dira. Bost bonu ere erosi ahalko dira NAN bakoitzeko modalitate bakoitzean. 

Online bidezko erosketa honako webgune honetan egin daiteke: www.erosieibarren.eus. Bonuak erosi ondoren, Eibar Merkataritza Gune Irekiak Egogain kaleko 20 behean egokitu duen bulegoan jaso ahalko dira, erosketatik bi lanegun igaro ondoren, bonuen erosketa-agiria aurkeztuta.

Erosketa presentziala bulego horretan bertan egingo da. NAN, AIZ edo pasaportea aurkeztu beharko da, eta pertsona bakoitzak bi bonu eskuratu ahal izango ditu modalitate bakoitzeko, gehienez ere. Gainera, aipatu behar da aurrez aurreko salmentan beharrezkoa dela txartelarekin ordaintzea.

Erosketa-bonuen kanpaina honetan parte hartzen duten establezimenduen zerrenda www.erosieibarren.eus webgunean eta bonuak aurrez aurre erosten dituztenei emango zaien liburuxkan kontsultatu ahal izango da.