Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak enplegua sustatzeko hiru trebakuntza-programa berri jarri ditu martxan, zeinetan 45 pertsonak parte hartu ahalko duten

Eibarko Udala

Eibarko Udala.

2021/02/08

Programa berrien alorrak soldadura, fabrikazio mekanikoa, instalazioen garbiketa eta Covid-19 protokoloak izango dira. Ikastaroa 20 eta 55 urte bitarteko langabeei zuzenduta dago eta izena emateko epea otsailaren 8tik 19ra bitartean (egun biak barne) izango da.

Eibarko Udaleko Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak enplegua sustatzeko hiru trebakuntza-programa berri jarri behar ditu martxan; ikastaroak herriko langabeei begira antolatu dira. Programa berrien alorrak soldadura, fabrikazio mekanikoa, instalazioen garbiketa eta Covid-19 protokoloak izango dira.

Programa bakoitzean 15 pertsonak parte hartu ahal izango dute gehienez ere.

Garbiketa-programa lau astekoa izango da. Soldadurakoa eta fabrikazio mekanikokoa uztailera arte luzatuko da, eta laneratze-prozesua errazteko tutoretzak eta laguntza-saioak egingo dira irailean. Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioak emango du garbiketa-programa eta beste biak Armeria Eskolak emango ditu Armeria Eskolako Ikasle Ohien Elkartearen bidez.

Soldadura arloan enplegua bultzatzeko programak honako atalak izango ditu: formakuntza gaitasun pertsonaletan (16 ordu), formakuntza TIG soldaduran (soldadurako gaitasun teknikoko 40 ordu), praktikak enpresetan (40 ordu) eta laguntza laneratze-prozesuan. Gainera, ikasleen % 30ek “Soldatzaile homologazioa” ziurtagiria lortu ahalko dute. Homologazio hori ofiziala da eta hiru urteko balioa du; gero berriztu daiteke.

Enplegua fabrikazio mekanikoaren alorrean sustatzeko programan honako hauek sartuko dira: formakuntza gaitasun pertsonaletan (16 ordu), formakuntza makinen prestaketan, formakuntza txirbil-harroketa bidezko mekanizazio-eragiketetan makinak, ekipoak eta erremintak prestatzeko (UF0878) 80 ordurekin, laneratzeko laguntza eta praktikak enpresetan (40 ordu).

Gizarteratzeko laguntza-programak —`Zuekin-Lan´ izenekoa eta instalazioen garbiketa eta Covid-19 protokolora bideratua— 80 orduko iraupena izango du eta honako hauek eskainiko ditu: banakako eta taldeko orientazioa (diagnostiko espezializatua eta gizarteratze-plan berezia), formakuntza gaitasun soziolaboraletan eta komunikazio-gaitasunetan, oinarrizko gaitasun digitalak eta gaitasun espezifikoak instalazioen garbiketan eta Covid-19ren protokoloetan (60 ordu), formakuntza praktikoa enpresetan (20 ordu), eta laguntzea laneratze-prozesuan.

Programa horretan, landuko dira eraikin eta lokaletako zoru, horma eta sabaien garbiketa, tratamendua eta mantenimendua, barruko altzarien eta kristalen garbiketa, desinfektagarri nagusiak, koronabirusak azaletan irautea, desinfekzio-protokoloak, segurtasuna eta higienea garbiketa-produktu kimikoetan, lan-arriskuen prebentzioa koronabirusaren aurkako desinfekzio-lanetan, edo hondakinen tratamendua.

Hiru programa horietan parte hartzeko baldintzak hauxek dira: eskabidea egiterakoan 20 eta 55 urte bitartean edukitzea, Eibarren erroldatuta egotea, langabezian egon eta Lanbiden izena emanda egotea, eta gaztelaniaz ahoz eta idatziz egoki moldatzea.

Bestalde, soldadura eta fabrikazio metalikoko programetan, baloratuko da arlo horietan lan-esperientzia edo ezagutzak izatea.

Eta instalazioen garbiketa eta Covid-19 protokoloen programan, aurreko bi baldintzez gain, ikasketak gehienez ere Batxilergoa izango dira, eta honako baldintza hauetakoren bat bete beharko dute: Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo langabezia jasotzea, karga familiarrak izatea eta iraupen luzeko langabea izatea (12 hilabete baino gehiago)

Programetan izena emateko epea otsailaren 8tik 19ra izango da, biak barne.

Interesdunak aukeratzen duen programarako egin beharko du eskaera (Pegoran daude eskuragarri eta www.eibar.eus webgunean); horrekin batera, NANaren edo balio bereko agiriaren fotokopia aurkeztu behar da, Lanbidek emandako inskripzio-aldien txostena, eta curriculum vitae eguneratua.

Dokumentazioa aurrez aurre aurkeztu ahalko da Pegoran (Herritarrentzako Zerbitzu Bulegoa), txanda aldez aurretik hartuz 943708400 telefonora deituta, edo modu elektronikoan udal webgunean www.eibar.es. Izapidea elektronikoki egiteko, ziurtagiri digital bat eduki behar da (B@K-Q, NAN elektronikoa, IZENPE txartela, etab.).

Enplegua sustatzeko trebakuntza programak:

>>> Fabrikazio mekanikoaren arloan enplegua sustatzeko programa (2021)

>>> TIG soldaduraren arloan enplegua sustatzeko programa (2021)

>>> Gizarteratzeko eta laneratzeko “ZUEKIN-LAN” laguntza programa (2021)