Eibarko Udala
aitorpen ekitaldia

Udalak ekitaldi bat antolatu du larunbat honetarako, Unben, klubei aitorpena egiteko

2025/07/04
Kartela.

Hainbat disziplina eta belaunalditako kirolariak elkartuko dira herri-harrotasunaz betetako ekitaldi hunkigarri batean. Mikel Zabalari omenaldi berezia egingo zaio, bere kirol-ibilbidea saritzeko.

Larunbat honetan, uztailak 5, eguerdiko 12:00etan, Unbeko beheko zelaia Eibarko kirolaren epizentroa izango da. Izan ere, Eibarko Udalak ekitaldi bat antolatu du kirol-kluben eta kirolarien lana eta dedikazioa publikoki aitortzeko, denborarekin oinarritik eraiki baitute herriko kirol-ehuna.

Ekitaldia ez da edonolakoa izango.  Une hunkigarriz eta ustekabez beteta egoteaz gain, zuzeneko musika ere izango du, Jurgen abeslariaren eskutik. Artista eibartarrak kutsu artistikoa emango dio ahalegin kolektiboa saritzeko antolatutako goizari.

Ekitaldian Jon Iraola alkatea eta Andoni Ameztoy Kirol Saileko zinegotzia egongo dira merezitako errekonozimendua egiten disziplina anitzeko klubei : atletismoa, eskubaloia, triatloia, judoa, gimnasia erritmikoa, igeriketa, esku-pilota, kirol inklusiboa eta beste asko eta asko.

“Eibarren kirolak gorputzak ez ezik, belaunaldiak, auzoak eta balioak ere mugitzen ditu. Kirola ahalegina da, komunitatea eta talde baten parte izatearen harrotasuna”, adierazi du Jon Iraolak, Udalak herriko entitateekin duen konpromisoa ere azpimarratuz: “Nahi duguna da klub guztiek sentitzea Udal hau alde dutela eta beti izango dutela lagun oraingo eta etorkizuneko erronketan”.

Mikel Zabalari omenaldi berezia egingo zaio. Tokiko eskubaloiaren ikur den eibartarrari errekonozimendua egingo zaio bere kirol-ibilbidean izan duen dedikazioagatik, urteetan zehar gorputz eta arima aritu da-eta.  Ondo merezitako txaloak jasoko ditu.

“Honelako aitortzak dira zentzua ematen diotenak  hainbeste pertsonak egindako isilpeko lanari, hasi entrenatzaileetatik eta familietara. Izan ere, domina bakoitzaren atzean ahalegin handia dago-eta”, gaineratu du Ameztoy zinegotziak

Jardunaldiari amaiera emateko, luntxa egongo da Unbeko tabernan, non aukera egongo den sarituekin, familiartekoekin, klubetako entrenatzaileekin eta herritarrekin patxadaz egoteko.