Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak Eibarko 38 langabetu kontratatzea bultzatuko du

2018/10/31

Aurreko astelehenean, urriak 29, egindako Osoko Bilkurak herriko enpresetan kontratazio berriak egiteko diru-laguntzak ematea onartu zuen. 193.000 €-ko diru-laguntza izango da; Udalak 94.000 euro jarriko ditu eta Lanbidek gainerakoa.

Eibarko Udalak beste behin ere herriko enpresek Eibarko langabetuak kontratatzeko diru-laguntzak emango ditu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak enplegua sustatzeko 2018ko toki-jardueretarako esparruaren barruan. Asteleheneko Osoko Bilkuran (urriak 29), aho batez onartu zen deialdia, Udaleko alderdi guztien oniritziarekin.

Diruz lagunduko diren kontratuak honako hauek izango dira:  6 hilabeteko 24 kontratu, lanaldi osoz; 3 hilabeteko 4 kontratu, lanaldi erdiz; 3 hilabeteko 8 kontratu, lanaldi osoz; eta 6 hilabeteko 2 kontratu, lanaldi osoz kolektibo hauetako pertsonentzat: diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten titularrak, lana lehen aldiz topatu duten 35 urtetik beherako pertsonak eta Lanbiden izena emanda egonik gutxienez 12 hilabeteko inskripzio-aldiak izan dituztenak, kontratatu aurreko 18 hilabeteetan.

Edozein kasutan ere, kontratatutako pertsonak langabezian eta Lanbiden izena emanda egon beharko dira kontratatzeko unean; diruz lagunduko diren kontratuak 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egindakoak izango dira.

Halaber, egin beharreko kontratazioek honako baldintza hauek izan beharko dituzte: kontratuen gutxieneko iraupena 3 hilabetekoa izango da, eta kontratatzeko edozein modalitate erabili ahalko da, salbu eta formaziorako eta ikasteko kontratua; kontratuak lanaldi osoz edo zati baterako izan ahalko dira, baina gutxienez lanaldiaren % 50ekoak izango dira; Eibarren erroldatutako langabeak izan behar dira, gutxienez 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Diru-laguntzak emateko, kontratu horiek enplegu-sorrera gordina ekarri behar dute enpresan dagoen batezbesteko plantillan, diruz lagundutako kontratuak egin zaizkien pertsona horiek lanean hasi aurreko 3 hilabeteotan.  Onuradun bakoitzeko ez da lau kontratutik gorako diru-laguntzarik emango.

Diru-laguntzaren zenbatekoa, gehienez ere, Gizarte Segurantzaren eta soldata-kostuen % 75ekoa izango da, muga hauekin: 6.000 euro kontratu bakoitzeko, lanaldi osoko 24 kontratuetan, sei hilabete edo hortik gorako iraupenarekin; 3.000 euro kontratu bakoitzeko, lanaldi osoko 8 kontratuetan, hiru hilabete edo hortik gorako iraupenarekin.  

Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonen 2 kontratuetan, baldin eta lehenengo lana eskuratzen duten 35 urtetik beherako pertsonak eta Lanbiden lan-eskatzaile gisa kontratatu aurreko 18 hilabeteetan 12 hilabetez izena emanda egon diren pertsonak badira, diru-laguntza gizarte segurantzaren eta soldata-kostuen % 100 izango da, gehienez ere 9.000 euroraino.

Eskaerak egiteko epea datozen egunotan zabalduko da eta 2019ko urtarrilaren 7an amaituko. Eskaerak PEGORAN, Herritarren Zerbitzurako Bulegoan aurkeztu beharko dira.