Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak Eibarko 13 kirol elkarteri laguntzen die 87.000 euro baino gehiagorekin

Udalak Eibarko 13 kirol elkarteri laguntzen die 87.000 euro baino gehiagorekin

Eibarko Udala

2019/12/02

Garatzen duten jarduera-bolumenaren eta pertsona-kopuruaren arabera ematen dira laguntzak.

Eibarko Udalak 87.648 euro eman dizkie guztira herriko kirol-klubei norgehiagoka prozedurako dirulaguntzetan, urtean zehar garatzen dituzten jardueretan laguntzeko. Dirulaguntzak, zenbateko desberdinekoak, garatzen duten jarduera-bolumenaren arabera eta klub bakoitza osatzen duten pertsona-kopuruaren arabera ematen dira. Guztira, hamahiru dira aurten udalaren dirulaguntzak jasoko dituzten klubak.

Kopuru handiena Eibarko Klub Deportiboari dagokio, 20.454 euroko laguntzarekin, kontuan hartuta dituen bazkide kopurua eta kirol atalak. Eibar Eskubaloia Taldeari 15.259 euro eman zaizkio. Klub horrek talde dezente ditu kategoria ezberdinetan, bai gizonezkoenak bai emakumezkoenak.

Eibar Igerixan taldeari 10.000 euroko dirulaguntza eman zaio. Dirulaguntza handiena duen laugarren kluba Eibar Rugby Taldea da; aurten 8.035 euro jasoko ditu. Eibarko Urbat Igeriketa taldeari 7.655 euro emango zaizkio, eta Gimnasia Erritmikako Ipurua Klubari 6.695 euro. Kalamua Judo Klubari 6.156 euroko dirulaguntza eman zaio, eta Urki Kirol Klubari 5.267 euro.

Udalak aurten diruz lagundutako gainontzeko klubak hauek dira: CD Ka 1173 Saskibaloia Eibar, 2.600 eurorekin; Eibartarrak Futbol Kluba, 2.357 eurorekin; Asolaberri kluba, 1.144 eurorekin; Urki-Amaña kluba, 1.000 eurorekin; eta Triatloi Taldea, 757 eurorekin.

Aurrekontuaren % 25 klub bakoitzari 2020an

Halaber, Miguel de los Toyos alkateak konpromisoa hartu du Eibarko kirol klub eta elkarte amateurrak diruz laguntzeko, klub bakoitzaren urteko aurrekontuaren % 25arekin; konpromiso horrek bere isla du 2020ko Aurrekontuaren zirriborroan.

Zentzu horretan, zera adierazi du alkateak: "klubek beren jarduerak aurrera eramateko dituzten zailtasunen eta egiten duten ahaleginen jakitun izanik, uste dut laguntza horiek lasaitasuna eta egonkortasuna ematen lagun dezaketen neurriak direla, beharrezkoak kirola sustatzeko egiten duten lana garatzen jarraitzeko. Eta lan hori asko baloratzen dugu, kirola gure herriaren nortasun-ikurra eta bizi-kalitatearen adierazpena da-eta”.