Eibarko Udala
eguzki-panelak

Udalak eguzki-panelak jarriko ditu hiru ikastetxe publikotan, energia-autokontsumoa bultzatze aldera

2025/08/18
San Andres ikastetxea.
San Andres ikastetxea.

Sansaburu, San Andres eta Azitain ikastetxeek instalazio fotovoltaikoak izango dituzte, energia-kontsumoaren % 50 inguru aseko dutenak. Sortutako energia zentroetan bertan erabiliko da, sarera eszedenterik isuri gabe.

Eibarko Udalak eguzki-energia fotovoltaikoaren bidezko sistemen instalazioak jarriko ditu martxan bat-bateko autokontsumorako, herriko hiru hezkuntza-zentro publikotan: Sansaburu Eskola, San Andres Eskola eta Azitaingo Herri Institutua (CPI). Jarduera honen helburua da udal-eraikinetako energia-eraginkortasunean aurrera egitea, elektrizitate-fakturetako kostua murriztea eta inguruarekiko errespetuz jokatzea. 

Proiektuaren diseinuak sortutako energia berehalakoan eraikinean bertan kontsumitzea  ahalbidetuko du, eszedenteak sarera isuri gabe. Lehentasuna da sortutako energiaren erabilera zuzena maximizatzea, instalazioa zentro bakoitzaren kontsumo errealeko patroietara egokituz.

Energia berriztagarrien erabilera eta energia-aurrezpena eta –efizientzia sustatzeko   Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalei, tokiko erakunde txikiei, mankomunitateei eta udal eta eskualdeko merkataritza-sozietateei zuzendutako  dirulaguntza-deialdiaren esparruan, 2025ean 35.000 mila euroko laguntza eman da abian jarriko diren hiru instalazioetarako (Sansaburu, San Andres eta Azitain Herri Insitutua).

Zifretara ekarrita, aurreikusten da sistemak Sansaburuko energia-kontsumoaren % 50 inguru aseko duela, eta % 25 San Andres eta Azitainen. Gainera, instalazio horiek autokontsumo kolektiboko modalitatekoak izateko aukera aztertuko da, hala, beste udal-ekipamendu batzuetan sortutako energia gehiena aprobetxatzeko eta ahalik eta isurketa gutxien sarera bidaltzeko. Horrek ekonomia-aurrezki esanguratsua ekarriko du, baita energia-jasangarritasunaren aldeko apustu garbia ere.

Jon Iraola Eibarko alkatea baikor azaldu da energia-beregaintasun/autosufizientziari begirako urrats honen aurrean: “Urrats sendoak ematen jarraitzen dugu Eibar herri jasangarriagoa izan dadin.  Proiektu honek kostuak murriztea ahalbidetzeaz gain, etorkizunaren eta ingurumenarekiko konpromisoaren aldeko apustu argia egiten du”. 

Bestalde, Pedro Escribano Obretako zinegotziak udal mailan soluzio jasangarriak baliatzen jarraitzearen garrantzia nabarmendu du: “Lanean dihardugu udal-eraikinak gero eta autosufizienteagoak izan daitezen. Autokontsumoaren hautua erabaki ekonomikoa ez ezik, hezkuntza eta  ingurumen arlokoa ere bada. Ikasleek bertatik bertara ikusi ahal izango dute eguzki-instalazioa batek nola funtzionatzen duen eta zein garrantzitsua den energia garbia erabiltzea”.

Udala ahalegina egiten ari da bere instalazioen energia-errendimendua hobetzeko eta udal-zerbitzuen ingurumen-inpaktua murrizteko, soluzio praktiko, eraginkor eta arduratsuen bitartez, eta proiektu hau testuinguru horren barruan kokatzen da.

“Era berean, neurri hau 2022-2030 aldirako Klimarako eta Energia Iraunkorrerako Ekintza Planean jasotako dago; aipatutako plana Eibarko Udalak onartu zuen 2023ko urtarrilaren 30ean eta honako helburu hauek ditu: Eibarren berotegi-efektuko gasen emisioak % 55 murriztea, lurraldearen erresilientzia bermatzea klima-aldaketarekiko, eta klima-aldaketa arintzea eta klima-aldaketara egokitzea bultzatzeko ikuspegi bateratu bat hartzea. Plan hori ezarrita, Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko 1/2024 Legea bete nahi da, bai eta energia-kontsumoa % 35 murriztu eta Udalak energia berriztagarria sortzeko duen gaitasuna % 32 handitu ere. Hala, EAEko Jasangarritasun Energetikoaren 4/2019 Legearen baldintzak betez", azaldu du Eva Juez Ingurumen arloko zinegotzi arduradunak.

Beraz, hiru instalazio horiek Eibarko udalerrian energia berriztagarriak hedatzeko planaren parte dira, eta J.A. Mogel Ikastola HLHI ikastetxearen eta Coliseo Antzokiaren instalazio fotovoltaikoekin batera, Udalaren energia-helburuak betetzen lagunduko dute.

Jarduera hau aurrera eramateko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasunaren Departamentuaren dirulaguntza bat dauka.