Udalak diruz lagunduko ditu Eibarko 23 enpresa lehiakortasuna hobetzeko azterlanak egin ditzaten

2016/11/14

Hiru urte igaro ostean, udal programa finkatu egin da eta horren bitartez enpresa txiki eta ertainek 3.400 eta 5.400 euro arteko diru-laguntzak jasotzeko aukera dute.

Eibarko Udalak 23 enpresa diruz lagunduko ditu aurten lehiakortasuna hobetzeko azterlanak egin ditzaten; udal programa hau 50 langile edo gutxiago dituzten Eibarko enpresa txiki eta ertainei zuzenduta dago eta hirugarrenez antolatu da. Ekimenaren helburua da azterlan horiek hainbat arlotan hobetzea enpresen lehiakortasuna: produktuan, zerbitzuan, marketingean/merkatuan, prozesuetan, antolaketan, pertsonetan, kalitatean, ingurumenean…

Lehiakortasuna hobetzeko azterlanak egiteko diru-laguntzen programara proposamenak aurkezteko epea amaituta, Udalak horietako 23 onartu ditu eta beste batzuk atzera bota oinarrietan zehaztutako baldintzaren bat ez betetzeagatik. Modu horretan, programa hau finkatu egin da; izan ere, 2015ean hamahiru enpresak jaso zituzten Udalaren diru-laguntzak.

Diru-laguntzak jasoko dituzten 23 enpresak honako hauek dira: ABC, Industrias Mail, Jaz Zubiaurre, Teknimap, Rec Accesorios, Urko Tools, Berezi Lantegiak, Neurtek, Cartonajes Eibar, Materiart 14 (Alfa Arte), Pulimentos Miguel Pérez, Talleres Bagal, Domingo Gisasola, Urkotronik, Aibe, Grulla Armas, Aguirre y Aranzabal, Manufacturas Arta, Beltrán Ascensores, Heyber, Talleres Baiz, Atten2  eta Alfa AIE.

Aurkeztu eta onartu diren proiektuak askotarikoak dira: materialen azterlan tribologikoak, arrazionalizazio eta sistema produktiboaren hobekuntza, ekodiseinu zerbitzuaren garapena, enbalatze arloaren diagnosi teknologikoa edo komertzializazioaren diagnosi teknologikoa Ecommerce sistemaren bitartez.

Beste proposamen batzuk honako hauek dira: makinerian hartzeko sistemak eta ateratzeko materiala, isileko ezagutza esplizitu bihurtzea, online eremuaren bitartez bihurtzeko potentzial altua duten merkataritza aukerak, web orria eta Interneten posizionamendua egitea, makina saltzaileen produktuaren ikerketa teknikoa edo instalazioaren ekoizpen eta antolaketa eredu berriaren diseinua

Aurkeztutako beste proposamen batzuk hauexek dira: diseinuaren digitalizazio eta hobekuntza, lehiakortasunaren adimen sistema, eskopeta baskuletarako malgukien ezaugarri mekaniko eta metalurgikoak edo kudeaketa-softwarea.

Udalak eman dituen diru-laguntzak ikerketak garatzeko 3.393 eta 5.413 euro artekoak dira, enpresaren langile kopurua eta oinarrietan zehaztutako beste baldintza batzuen arabera.

Diruz lagundutako hamaika enpresak eskatu diote Teknikerri ikerketa egitea, beste seik WF Advisors enpresari eta gainontzekoak sektorearen konpainia ezberdinei.

Enpresa txiki eta ertainekin, lehiakortasunarekin eta berrikuntzarekin konpromisoa

Hirugarrenez antolatu den programa horren bidez, Udalak sendotu egiten du Eibarko enpresa txiki eta ertainekin, lehiakortasunarekin eta berrikuntzarekin duen konpromisoa. Zentzu horretan, Eibarko enpresetan ekosistema ekintzaile, lehiakor eta berritzaile berri bat sortzeko, Udalaren Garapen Ekonomikoa, Enplegua eta Berrikuntza Arloa ekimenak sustatzen ari da berrikuntza Eibarko enpresa txiki eta ertainetara iritsarazteko, horixek dira-eta Eibarren motore ekonomikoa.

Enpresak laguntzeko “Erronka Teknologikoak” programak hiru urte bete ditu eta 148.000 euroko aurrekontua dauka; horietako 100.000 euro Eibarko EAJ-PNV Udal Taldeak 2016ko aurrekontuei aurkeztutako zuzenketa baten onarketaren ondorio da. Programa hau garatu zen aurreko bi urteetan, 20 bat enpresa inguruk jaso zituzten Udalaren diru-laguntzak.

Azken 6 hilabeteetan batez beste 12 eta 25 langile bitarteko plantilla izan duten enpresen kasuan, gehienez 4.956 eurokoa izango da diru-laguntza. Azken 6 hilabeteetan batez beste 25 langile baino gehiagoko plantilla izan duten enpresen kasuan, gehienez 4.736 eurokoa izango da diru-laguntza. Ekonomia-jardueren gaineko zergaren 3. atalean sartutako enpresen kasuan, % 25 handituko diru-laguntza. Enpresa bakoitzak proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du.