Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak dirulaguntzen programa berri bat jarri du martxan Eibarren finkatutako enpresek langabeak kontrata ditzaten

Eibarko Udala

Eibarko Udala.

2020/12/18

Lanbiderekin lankidetzan, programak 269.900 euroko diru-partida bat du eta eskabideak aurkezteko epea gaur hasiko da, abenduak 18, eta urtarrilaren 18an amaitu. 58 bat kontratu finantzatuko dira eta gutxienez hiru hilabeteko iraupena izango dute; kontratuak lanaldi osokoak eta partzialekoak izango dira.

Eibarko Udalak, Lanbide Enpleguaren Euskal Zerbitzuaren lankidetzarekin batera, dirulaguntzen programa berri bat jarri du abian, herrian finkatutako enpresek langabeak kontrata ditzaten. Laguntza hauen helburua da herriko enpresei diruz laguntzea,  Eibarko pertsona langabeak ohiko lan-merkatuan kontrata ditzaten errazteko. Programak 269.000 euroko partida bat dauka; horietatik 262.000 Lanbidek jarriko ditu eta gainerakoa Udalak.

Dirulaguntza jasotzeko baldintza batzuk bete behar dira. Kontratatutako pertsonak Eibarren erroldatuta egon beharko du 2020ko urtarrilaren 1etik gutxienez, langatua izango da eta LANBIDEn enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egon beharko du kontratazioaren unean, eta, ez du enpresaburuarekin ahaidetasun-harremanik izan beharko; gainera, enpresa berak ezingo du langile bera kontratatu aurreko deialdietan dirulaguntza jaso badu.

Kontrataziorako baldintzei dagokienez, diruz lagundu beharreko kontratuek 2020an eginak izan beharko dute. Kontratuen gutxieneko iraupena hiru hilabetekoa izango da. Kontratazioa edozein kontratu-modalitatetan egin daiteke, trebakuntza- eta ikaskuntza-kontratua izan ezik. Berritasun gisa, hiru hilabeteko gutxieneko iraupena 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean izan beharko da. Beraz, lan-kontratua diruz laguntzeko, 2020ko irailaren 30a baino lehen hasi beharko da. Azkenik, kontratuak dagokion sektoreko hitzarmenaren arabera egin beharko dira. Onuradun bakoitzeko ez da lau kontratutik gorako dirulaguntzarik emango.

Eskabideak aurkezteko epea, gaur hasi da, abenduak 18, eta 2021eko urtarrilaren 29an amaituko (egun hori barne).  Dirulaguntzen eskaerak elektronikoki egingo dira www.eibar.eus udal webgunearen bidez. Izapidea elektronikoki egiteko, ziurtagiri digital bat eduki behar da (B@K-Q, NAN elektronikoa, IZENPE txartela, etab.)

Gutxienez hiru hilabeteko iraupeneko kontratuak finantzatuko dira; kontratuak lanaldi osokoak eta partzialekoak izango dira (lanaldiaren % 50 gutxienez).  Zehazki, 58 bat kontratu finantzatuko dira, modalitate hauetan: hiru hilabeteko edo gehiagoko 12 kontratu lanaldi partzialean; hiru hilabeteko edo gehiagoko 12 kontratu lanaldi osoan; sei hilabeteko edo gehiagoko 32 kontratu lanaldi osoan; eta sei hilabeteko edo gehiagoko 2 kontratu, kolektibo berezietakoak, lanaldi osoan.

Dirulaguntzaren zenbatekoa, gehienez ere, Gizarte Segurantzaren eta soldata-kostuen % 75ekoa izango da, muga hauekin: 3.000 euro lanaldi osoko hiru hilabeteko kontratuengatik; 6.000 euro lanaldi osoko sei hilabeteko edo gehiagoko kontratuengatik Hiru hilabetetik gorako eta sei hilabetetik beherako iraupena duten lanaldi osoko kontratuen kasuan, dirulaguntzaren zenbatekoa kontratuaren iraupenarekiko proportzionala izango da. Eta lanaldi partzialeko kontratuari dagokionez, gutxienez lanaldiaren % 50ekoa izango da eta dirulaguntzaren zenbatekoa kontratuaren lanaldi-portzentajearen proportzionala izango da, eta gutxienez 1.500 eurokoa.

Kolektibo berezietako pertsonak kontratatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa soldata-kostuen eta Gizarte Segurantzaren kostuen % 100era iritsi ahal izango da, gehienez 9.000 eurorekin lanaldi osoko lan-kontratu bakoitzeko, eta kontratua gutxienez sei hilabetekoa izango da. Hauexek dira kolektibo berezietako pertsonak: DSBEren jasotzaile titularrak; 35 urtetik beherako pertsonak; iraupen luzeko langabeak; eta 55 urtetik gorako pertsonak. Gainera, diruz lagun daitezkeen kontratuen % 40 emakumeei egin beharko zaizkie.

Dirulaguntza emateko helburua bete duela justifikatzeko eta jasotako dirua zertan erabili den justifikatzeko onuradunak duen epea 2021eko ekainaren 30ean amaituko da.

>>> Eibarren finkatutako enpresek langabetuak kontratatzeko dirulaguntzak (2020)