Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak dirulaguntzen bi lerro berri onartuko ditu Txontako hamaika jabe-erkidegorentzat

Eibarko Udala.

Eibarko Udala.

2023/10/09

Dirulaguntzen helburua izango da Txontako hamaika eraikin birgaitzeko lanen kostu-igoera konpentsatzea eta jasotako beste dirulaguntza batzuk osatzea. Bi lerroak bateragarriak izango dira beren artean eta beste administrazio eta entitate batzuek emandako dirulaguntza batzuekin.

Eibarko Udalak dirulaguntzen programa bat jarriko du martxan Txontako hamaika eraikinen jabe-erkidegoentzat. Bi laguntza-lerro izango dira, bateragarriak beren artean eta baita beste administrazio eta entitate batzuek emandako laguntzekin, eta haien helburua zera izango da: hamaika bizitegi-eraikinen (Txontako 3, 15, 17, 25, 27, 29, 44, 46, 48, 50 eta 52 zenbakiak) birgaitze-lanen kostu-igoera konpentsatzea eta jasotako beste dirulaguntza batzuk osatzea, betiere baldintza jakin batzuk betez gero. Aurki zehaztuko da epea dirulaguntza horiek eskatzeko, eta zuzeneko prozeduraren bidez emango dira, banakako erregimenean.

Konpentsazio-laguntzak hamaika komunitate horiek kontratatutako obren (2018ko uztaileko deialdian aurkeztuak) kostu-igoera konpentsatzeko izango dira; izan ere, kostua % 10 igo da hasierako aurrekontutik. Eraikuntzako materialen prezioak igotzean edo obrak egitean sortutako beste zirkunstantzia batzuetan oinarritua egon behar da igoera, eta enpresa kontratistak justifikatu egin beharko du, obra-zuzendaritzak txostena egin eta jabe-erkidegoak onartu.

Bestalde, laguntza osagarriak hamaika eraikin horien erkidegoetara bideratuko dira, betiere eraikinaren birgaitze integraleko obrak egiteko jasotzen dituzten dirulaguntza guztien zenbatekoa -baita deialdi honetako konpentsazio-laguntzak ere- obren kostu justifikatu osoaren % 60 baino txikiagoa bada, proiektua idaztea, obra zuzentzea eta monitorizazioa barne.

Eskaerak elektronikoki aurkeztu beharko dira udal-webgunetik (www.eibar.eus); horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala edukitzea. Kudeaketarako Hurbiltasuneko Bulego Teknikoak (Txonta Bulegoa) laguntza emango die hala eskatzen duten pertsonei eta jabe-erkidegoei Eibarko Udalari zuzendutako izapide elektronikoak egiteko.

Eskabideak aurkezteko epea udal webgune honetan zehaztuko da laster eta dirulaguntzak ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea, bi hilabetekoa izango da, eskaera egiten den egunetik zenbatuta. 

Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin

Bai konpentsazio-dirulaguntzak bai laguntza osagarriak bateragarriak dira Udalak 2018an Txonta auzoko eraikinak birgaitzeko jabe-erkidego eta norbanakoentzako deitutako dirulaguntzekin.  Baita ere honako banakako dirulaguntzekin:  Eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2006ko abenduaren 29ko Aginduan  jasotako partikularrentzako laguntzak, edo hura ordezkatzen duen araudia, eta lehendik dauden eraikinen birgaitze energetikoko jarduketetarako Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuaren laguntza-programaren deialdiaren oinarri arautzaileetan jasotakoak.

Aitzitik, ez dira bateragarriak izango Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak birgaitzeko eman ditzakeen laguntza orokorrekin, ezta igogailuak jartzeko eta fatxadak zaharberritzeko lanetarako Udalak urtero ematen dituen laguntzekin ere. Halaber, konpentsazio-laguntzak ez dira bateragarriak Txontako ERRPean (Birgaitze programatuko bizitegi-ingurunea) sartutako bizitegi-eraikinen birgaitze energetikorako dirulaguntzekin, ezta Next GenerationUE funtsekin finantzatutako laguntzekin ere.