Udalak dirulaguntzak emango dizkie beste behin herriko enpresa txiki eta ertainei lehiakortasuna hobetzeko erronketarako
Eibarko Udalak, zazpigarren urtez jarraian, herriko enpresa txiki eta ertainei beren erronka teknologiko berrietan laguntzeko dirulaguntzen programaren edizio berri bat jarri du abian. Deialdiak —aurreko edizioetan izandako esperientzia positiboak indartua— honako helburua du: 50 langile edo gutxiago dituzten Eibarko enpresei laguntzea haien lehiakortasuna hobetzeko azterlanak eta ekintzak egiteko, proiektu estrategikoak garatuz.
Programa honek 100.000 euroko partida du aurten, eta, gainera, aurreko urteetan bezala, diruz lagunduko dira berrikuntzan (produktuak zerbitzuak edota prozesuak), nazioartekotzean eta proiektuen finantzaketan espezializatutako aholkularitza-gastuak, enpresen lehiakortasuna hainbat esparrutan hobetzen dutenak, hala nola esparru digital, eta legalean nola enpresa-coachingean; gastu horiek % 30eraino izango dira finantzagarriak.
Berrikuntza gisa, aurten telelana ezartzeko ekintzak lagunduko dira diruz, eta kostuaren % 80raino finantzatu ahal izango da.
Diruz lagunduko dira, halaber, enpresaren produktu, zerbitzu eta prozesuetan berrikuntza esanguratsuak sartzera bideratutako elementuak eskuratzea. Besteak beste, honako elementu hauek: berrikuntza- edota digitalizazio-proiektuak diseinatu, garatu eta gauzatzeko beharrezkoak diren ekipoak, tresnak edo beste bitarteko batzuk erostea edo alokatzea; inbertsioak ekipamenduan, makinetan eta instalazio teknikoetan; aplikazio informatikoak ezartzea; proiektuak ikertzeko eta garatzeko gastuak; eta jabetza industrial eta intelektualaren babesa. Jarduera horiek guztiak izango dira finantzagarriak % 80raino.
Laguntzen programan nazioartekotzea sustatzeko ekintzak ere sartzen dira, hala nola bazkideak, banatzaileak, eragileak eta bezeroak kanpoko merkatuetan bilatzeko ekintzak (% 50eraino finantzagarria) eta nazioartekotze-plana egiteko ekintzak (% 80raino finantzagarria).
Dirulaguntza hauek jaso ahal izango dituzte Eibarren lantokiren bat duten enpresek, azken sei hilabeteetan 50 langile edo gutxiago badituzte plantillan, eta deialdian zehazten diren Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren talderen baten barruan zergak ordaintzen badituzte.
Dirulaguntzaren zenbatekoa enpresa eskatzailearen langile-kopuruaren araberakoa izango da. Hala, 12 langiletik beherako enpresen kasuan, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 5.500 eurokoa izango da; 12 eta 25 langile bitarteko enpresek 5.200 euro jasoko dituzte; eta 25 langiletik gorako enpresek 4.750 euro. Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zergaren 3. dibisioan sailkatuta dauden enpresen kasuan, dirulaguntza 1.000 euro handituko da. Enpresa bat baino gehiagoren arteko baterako proiektuak badira, enpresa bakoitzarentzako zenbatekoa % 25 handituko da.
Eskaerak aurkezteko epea gaur astelehena, azaroak 2, hasi eta azaroaren 13an amaituko da. Diruz lagunduko ahalko dira urtarrilaren 1aren eta aurtengo abenduaren 31 artean egindako jarduerak. 2021eko otsailaren 28an amaituko da epea onuradunak dirulaguntza emateko helburua bete duela justifikatzeko.
Dirulaguntzen eskaerak elektronikoki egingo dira www.eibar.es udal webgune honen bidez. Izapidea elektronikoki egiteko, ziurtagiri digital bat eduki behar da (B@K-Q, NAN elektronikoa, IZENPE txartela, etab.)
Programa honek berebiziko garrantzia izango du, batez ere, aurten, pandemiak eragin dituen zailtasunak eta ondorioak direla-eta. Ildo horretatik, programa honen bidez, Udalak bat egiten du enpresentzako laguntzen arloko beste ekintza batzuekin; kasu honetan, laguntzak berrikuntzan aurrera egitea eta produktu eta zerbitzuen balio erantsia handitzea sustatzen du, bi horiek enpresak indartzeko funtsezko faktore baitira.
Informazio gehiago: