Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak dirulaguntza bat lortu du berrikuntza-eragile bat kontratatzeko

Eibarko Udaletxearen argazkia.

Eibarko Udaletxearen argazkia.

2022/01/07

Zientzia eta Berrikuntzaren Ministerioaren dirulaguntza Zientzia eta Berrikuntzaren hirien Innpulso Sarearen kide diren udalei ematen zaie. Kontratatutako pertsonak urtebetez egingo du lan Udalaren Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailean.

Eibarko Udalak pertsona bat kontratatuko du aurten eragile sozialaren lanak egin eta garatuko dituena, berrikuntzako eta ekintzailetzako proiektuekin, enpresa- eta gizarte-berrikuntzako jarduerekin edo energia aurrezteko eta ekonomia zirkularreko plan eta jarduketekin zerikusia izango dutenak.

Pertsona hori Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren dirulaguntzen programa bati esker kontratatu ahal izango da, Zientzia eta Berrikuntzako Hirien Innpulso Sarearen baitan, zeinaren kide den Eibar duela urte batzuk. Sare horren bidez, udalen arteko lankidetza sustatzen da, jokabide egokiak partekatuz esperientzia eta proiektu berritzaileen gestioan. Kontratazioaren kostua 46.610 eurokoa da; kopuru horretatik % 75 (34.957,5 euro) Ministerioak jarriko du eta Udalak gainerako % 25a. Dirulaguntza osoa kontratatutako pertsonaren soldata-kostuak ordaintzera bideratuko da.

Lanposturako eskabideak aurkezteko epea zabalik dago dagoeneko eta urtarrilaren 14a amaituko da; kontratuaren iraupena urtebetekoa izango da. Interesa duten pertsonek izena eman beharko dute eskaintzan Lanbideren (Euskal Enplegu Zerbitzua) bidez, bai erakunde horren webgunean bai 943023802 telefonora deituta.

“Tokiko eragile honen kontratazioarekin, Udalean beste urrats bat emango dugu berrikuntza-politiken gestioa eta garapena indartzeko. Jarduera hau bat dator duela urte batzuetatik hona norabide horretan egin ditugun ekintzekin”, adierazi du Jon Iraola Eibarko alkateak

Kontratatzen den eragileak hainbat eginkizun izango ditu. Batetik, berrikuntza eta ekintzailetza digital eta sozialeko proiektuak martxan jartzea. Halaber, jasangarritasun, aurrezpen energetiko eta ekonomia zirkularreko planak garatu eta martxan jarriko ditu. Jarduerak diseinatu eta garatuko ditu, enpresa- eta gizarte-berrikuntza sustatzeko.  Era berean, benchmarking-lanak egingo ditu tokiko berrikuntza gaietan.  Eta, baita ere, proiektuak garatzeko finantzazioa bilatuko du.

Lanpostura aurkezteko zenbait baldintza bete behar dira, hala nola gradu edo lizentziatura bat edukitzea; espezializazio-graduondoko ikastaro bat edo ehun ordutik gorako ikastaro bat enpresa-berrikuntzaren arloan; eta C1 euskara-ziurtagiria. Halaber, proiektu berritzaileen kudeaketan izandako esperientzia baloratuko da.

Kontratazioaren ondoren, berehala hasiko da lanean, eta Eibarko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailean jardungo du 2022ko abenduaren 31ra arte.