Udalak bosgarren urtez jarraian lagunduko du "Uni Encounter" ekitaldian, non ostiralean eta larunbatean informatikaren eta teknologia berrien hainbat alderdi jorratuko diren

Bi jardunaldietan, hitzaldiak eta dibulgazio-jarduerak egongo dira, eta jokoak, lehiaketak eta txapelketak egingo dira ordenagailuarekin, bideo-kontsolarekin eta mugikorrarekin. Uni Eibar-Ermua ekitaldia antolatzen duen zentroa izango da jardueren eszenatokia; aurten ekimena inolako murrizketarik gabe egingo da.
‘UniEncounter’ ekimena, zeinean Udalak Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza Sailaren bitartez parte hartzen duen, Eibarrera itzuliko da asteburu honetan, hilaren 17an (ostirala) eta 18an. (larunbata). Bertan jarduera ugari antolatu dira, informatikaren eta teknologia berrien hainbat alderditan interesa duten pertsona guztiei zuzenduak.
Jon Iraola alkateak zera adierazi du: “Jende gehien erakartzen duen ekitaldietako bat da, arlo digital eta teknologikoaren alderdi interesgarri asko ezagutu eta praktikatu daitezkeelako bertan. Egunero, gailu elektroniko asko erabiltzen ditugu informazioa lortzeko, izapideak egiteko edo entretenitzeko; horregatik, ekimen hau oso aukera ona da bertan adituek datu interesgarriak eman ahal dizkigutelako.”
Jarduera antolatzen duen Uni Eibar-Ermua ikastetxea izango da aurten ere ekitaldiaren eszenatokia; aurtengoa 19. edizioa da. Aurreko urteetan bezala, alderdi ‘serio’ bat izango du, hitzaldi eta dibulgazio-tailerrekin, eta beste bat ludikoagoa, ordenagailuko, bideo-kontsolako eta mugikorreko jokoak, lehiaketak eta konpetizioak barne hartuko dituena.
Aurten ‘Lan Party’ ekitaldia itzuliko da, eta, ondorioz, ‘UniEncounter’ ekimena interesgarriagoa eta jende gehiagorentzako irekia izango da, aurreko edizioetako murrizketak atzean utziz; izan ere, pandemiaren eraginez jarduera batzuk online edo talde txikietan antolatu behar izan ziren.
Aurtengo ‘UniEncounter’ ostiralean (hilak 17) inauguratuko da, 18:30ean, Elesky pianistak Uniko antzokian emango duen doako kontzertu batekin, eta, ondoren, 19:30ean, Alex Robleñok Korean filmatutako 'El corazón de los esports' dokumentala ikusi ahal izango da.
Hitzaldirik teknikoenak larunbatean (hilak 18) izango dira 10:00etan hasita. Lehena ‘Ciberseguridad para pymes’ izango da eta gero ‘De la Uni Eibar-Ermua a Google’, non UniEncounterreko ikasle-ohi eta kolaboratzaile batek emango duen, Googleko bere esperientzia azalduz. Egun horretako jarduera tailer honekin amaituko da: ‘Inteligencia artificial generativa con Stable Diffusion’, 11:30ean.
Hitzaldi hauek topagune bat osatzen dute esperientziak partekatzeko eta esparru teknologikoari, jolas eta entretenimendu arloari eta negozio digitalei buruz ikasteko. Aurten topaguneak nazioarteko izaera izango du, Holandako sei ikasle eta Danimarkako bi etorri direlako parte hartzera eta ekimena nola antolatzen den ikustera, gero beren herrietan antzekoak egin ahal izateko.
Ekimenaren alderdi ludiko deiturikoa hilaren 18ko (larunbata) jardunaldian izango da; egun horretan ordenagailuko, bideo-kontsolako eta mugikorreko jokoak egongo dira. Alderdi hori esportetan aditua den Alex Robleño enpresari eibartarraren laguntzarekin indartuko da, arlo teknikoa negozioarekin uztartuz, eta kirol elektronikoa entrenamenduarekin. Bi lehiaketa-gune egongo dira errendimendu handiko taldeekin, parte-hartzaileek ekipoa mugitu behar izan gabe parte hartu ahal izateko.
Sekzio horretan era askotariko lehiaketak egongo dira, hala nola Counter Strike GO, League of Legends edo Valorant, Clash Royale edo Rocket League bezalako jokoak, baita FIFA 23ko kontsola-lehiaketak, mahai-jokoen partidak eta esporteko jolasak. Aurtengo berrikuntza izango da larunbatean, 16:00etan, egingo den K-POP lehiaketa, banaka zein taldeka egingo dena.
Halako ekitaldietan oso garrantzitsua da parte-hartzaileen eta jarraitzaileen kopurua, hau da, bai parte-hartze presentziala bai digitala, eta baita zuzeneko ikusleen kopurua ere. Horren harira, ekimenaren une garrantzitsuak zuzenean emango dira Twitch bidez (twitch.tv/uniencounter).
UniEncontuerreko jardueretan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da online, izan ere, lehiaketa horietako batzuetan, azken faseak aurrez aurre bakarrik egingo dira. Ekitaldi honi buruzko informazio gehiago lortzeko, interesdunek honako webgunean kontsultatu dezakete: https://uniencounter.uni.eus. Parte hartzea doakoa da.