Udalak berriz ere bisita gidatuak antolatu ditu abuzturako

Ibilbideak arreta berezia jartzen du memoria industrialean, Gerra Zibilaren ondorengo berreraikitzean eta eibartar izaera markatu zuten enpresetan. Bisitak, doakoak eta jendearentzat irekiak, abuztuko ostegunetan eta bi igandetan izango dira, gaztelaniaz eta euskaraz.
Eibarko Udalak bisita gidatuen beste edizio bat antolatu du abuzturako, herriko historia, eta haren identitate industriala zabaltzeko xedez. Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak sustatzen du jarduera, Debegesa eskualdeko garapen-agentziarekin lankidetzan.
Bisitak abuztuaren 7an, 14an, 21ean eta 28an egingo dira, arratsaldez (18:30-20:00), eta hilaren 3an eta 31n, goizez (11:30-13:00). Hilaren 28koa (osteguna) euskaraz izango da, eta gainerakoak, gaztelaniaz.
Ibilbidea San Andres Parrokiako plazoletan hasi eta Estaziño kalean amaituko da. Ordubete eta erdiz, Nerea Alustiza historialari eibartarrak —edukiaren egile eta ibilbidearen gidariak— herriaren bilakaera historikoaren berri emango du, Gerra Zibilean izandako suntsipenetik hasi eta berreraiki zuten arte; horrez gain, Eibarko industria-ondarea balioan jarriko du.
Bisitan zehar, enpresa esanguratsuak aipatuko dira, hala nola El Casco, Lazpiur, Aurrera edo BH.
Jon Iraola Eibarko alkateak adierazi duenez, "bai bisitatzen gaituztenentzat, bai hemen bizi garenontzat bisita hauek aukera ezin hobea dira, Eibar ikuspegi historiko eta kultural batetik ezagutzeko. Gure iragan industriala eta arazoak gainditzeko gaitasuna balioan jartzea funtsezkoa da gure nortasun kolektiboan".
Bestalde, Vanesa Hortas Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak azpimarratu duenez, "Udalak jarraitzen du apustu egiten Eibarko turismo-proiekzioa indartuko duten eta herriko ekonomia dinamizatzen lagunduko duten ekimenen alde. Bisita hauek gure ondarea ikusarazteko eta udan bisitari berriak erakartzeko estrategia zabalago baten barruan kokatzen dira".
Jarduera doakoa da, eta ez da beharrezkoa aurretik izena ematea. Interesa dutenek San Andres Parrokiaren ate nagusiaren aurrean egon beharko dute 10 minutu lehenago.