Udalak bi ikastetxetako patioak zabalduko ditu, umeek eta gazteek eskola-ordutegiz kanpo jolasteko eta kirola egiteko

Arrateko Andra Mari. Argazkia: www.euskadi.eus

Arrateko Andra Mari. Argazkia: www.euskadi.eus

2023/02/13

Amañako eta Arrateko Andra Mari ikastetxeetako jolastokiak aste honetatik aurrera erabili ahal izango dira (astelehen-ostirala), eskolak amaitzen direnetik 20:00etara. Neurri honekin, Udalak kirola egiteko espazio berriak jarri nahi ditu umeen eta gazteen esku.

Eibarko Udalak Amaña eta Arrateko Andra Mari (Urki) ikastetxeetako jolastokiak irekitzea erabaki du, ume eta gazteek gaurtik aurrera eskola-orduetatik kanpo askatasunez erabil ditzaten. Neurri honekin, Udalak aisialdirako eta kirolerako baldintzak betetzen dituzten toki gehiago jarri nahi ditu umeen esku.

Bi jolastoki horiek astelehenetik ostiralera erabili ahal izango dira, eskola-ordutegia amaitzen denetik 20:00ak arte. Martxoaren 31tik apirilaren 17ra arte, Aste Santuko oporrekin batera, itxita egongo dira patioak, eta apirilaren 17tik aurrera irekiko dira berriz ekainaren 22ra arte. Oporrak igarota, irailean zabalduko dira atzera ere.

Ildo horretatik, Jon Iraola alkateak zera adierazi du: “Azken aldian baloiekin jolasteko espazio berriak edukitzeko premia antzeman dugu, izan ere, kasu batzuetan, arrisku-egoerak sortzen dira umeen jolas-parkeetan, jende asko ibiltzen den plazetan, eta oinezkoen joan-etorri handiko lekuetan. Era honetan lortzen dugu neska-mutikoak espazio seguruetan eta propio horretarako prestatutako lekuetan jolasean ibiltzea, eta, era berean, herriko plaza eta joan-etorri handiko tokietan daudenak modu seguruan egotea."

Jolaserako eta kirolerako guneak eskaintzeko helburu horrekin, urtarrilean Udalak erabaki zuen asteburuetan Ipuruako anexoko instalazioak herritarrei irekitzea, betiere esparru horretan futbol-partidarik ez dagoen ordutegietan edo SD Eibar taldearen partida ofizialik jokatzen ez den jardunaldietan.

Neurri hauekin, Udalak nabarmen handitu nahi du umeek eta gazteek kirola egiteko espazioen eskaintza Eibarren, aukera emanez hiri osoan zehar banatutako lekuetan.

Ildo horretan, Eibarko Udalak patioa irekitzeko eskaera egingo dio San Andres ikastetxeari, eta, hori baieztatzeko zain, espero da haur eta gazteen eskura egotea bihartik, otsailak 14, aurrera.

Gainera, Udala aztertzen ari da zer aukera dagoen beste ikastetxe batzuek ere beren patioetako ateak irekitzeko eta, horrela, herrian jolastu ahal izateko toki gehiago izateko.