Udalak berriztu egin du Amañako elizaren ondoan dagoen haurrentzako jolas-parkea
Pedro Celaya plazaren jolas-parkea, Amaña auzoko elizaren ondoan dagoena, berriztu egin da erabat: jolas berriak jarri dira eta zoladura goitik behera aldatu. Udal jarduketa honek 26.287 euroko kostua izan du eta Urbabil enpresa izan da lanak egin dituena. Instalazio berria jarri aurretik, plazan barku erako jolas-egitura bat zegoen, urteekin zaharkitua zegoena.
Parke berriak hiru egitura ditu. Lehena jolas-multzo bat da bi dorre dituena katuka egiteko sare bertikal batez lotuak, eta katuka egiteko sare inklinatu bat eta txirrista bat, 2 eta 8 urteko umeentzat diseinatua. Multzo osoko zoruak 15 mm-ko lodierako material irristagaitzezkoak dira. Halaber, panel aktibo bat dauka eskailera-dorreko albo batean, abako-jolasarekin eta gurpilekin, bai eta panel apaingarriak ere dorreetako teilatutxoetan.
Bigarren egitura kolunpio-multzo bat da, eserleku lau batez, habia erako eserleku batez, eta otar erako eserleku batez osatua. Kolunpioetako bakoitza adin desberdinetako umeek erabiltzeko pentsatuta dago, biltzeko eta kulunkatzeko funtzio ludikoarekin.
Eta parkean jarritako hirugarren egitura “Karramarroa” izeneko malgukia da, 2 eta 6 urte arteko umeei zuzendutakoa. Malgukiaren goi aldeak karramarro forma dauka, erdian eserleku irristagaitz bat, eta eusteko eta oinak jartzeko barrak dauzka.
Jolasen gune berri honetan, xumetasun estrukturala gorabehera, jarri diren elementuek osagarri ugari dituzte, eta zirkuitu dibertigarri bat egiteko aukera ematen dute. Egitura guztiek dituzte bidezkoak diren bermeak, bai produkzio-akatsengatik bai egurra hondatzeagatik, edo malgukiak, torlojuak, plastikozko piezak edo sokak apurtzeagatik.
Amañako parke honen jarduketarekin, Eibarko Udalak herriko haur-jolasen gune guztiak pixkanaka berrizten eta hobetzen joateko eta egoki ikusiz gero parke berriak egiteko konpromisoari eusten dio.