Eibarko Udala
dirulaguntza

Udalak berrikuntzako tokiko agente bat izaten jarraituko du 2025ean

2024/12/11
Artxiboko irudia. Eibarko Udala.
Artxiboko irudia. Eibarko Udala.
Eibarko Udalak tokiko eragileak kontratatzeko dirulaguntza bat lortu du Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren eskutik, berrikuntzako tokiko agentearen kontratazioa 2025ean luzatzeko helburuarekin. Dirulaguntza honekin —Zientziaren eta Berrikuntzaren Hirietan politika berritzaileak bultzatzeko laguntzen baitan kokatzen dena—, kontratazio-kostuen % 75 estaliko da.

Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak dirulaguntza bat eskatu zion Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioari, 2025. urtean tokiko berrikuntza-eragile bat izaten jarraitzeko. Hain zuzen, dirulaguntza hau Innpulso Sarearen parte diren Zientziaren eta Berrikuntzaren Hirietan politika berritzaileak bultzatzeko laguntzen barruan kokatzen da, eta hiri horien artean dago Eibar ere.

Eskaera honen onarpenak ahalbidetu egingo du 2022ko martxoan kontratatutako tokiko berrikuntza-agentearen kontratua berritzea. Udalak 37.500 euro jasoko ditu. Horiekin berrikuntzako tokiko agentearen kontratazio-kostuen % 75 ordainduko da 2025ean, eta gainerako % 25a Udalak hartuko du bere gain.

Berrikuntzako tokiko agentea profesional bat da, udal-politika berritzaileak inplementatzen dituena, hala nola iraunkortasun-planak, berrikuntza digitaleko proiektuak, energia aurrezteko planak, ekonomia zirkularrekoak, ekintzailetza teknologiko eta sozialekoak, eta berrikuntzaren erosketa publikoko proiektuak.

Herriko berrikuntza-ekimenek eragin erabakigarria dute tokiko eta eskualdeko ekonomian, eta zeregin garrantzitsua betetzen dute gizarte berritzaile bat lortze aldera,  herritar, enpresa eta erakundeengandik gertu daudelako. Eibar partaide den Innpulso Sarearen bidez, sustatu egiten da udalen arteko lankidetza, esperientzia eta proiektu berritzaileen gestioan jardunbide egokiak partekatuz.

Vanesa Hortas Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotzi arduradunaren hitzetan, “tokiko agentearen kontratua berritzea berrikuntza-politiken kudeaketa eta garapena indartzeko beste urrats bat da. Jarduera hau Udalean duela urte batzuetatik hona egiten ari diren ekintzei gehitu behar zaie.”

Berrikuntza arloaren zeregin garrantzitsua

Eibarko Udalak 2022. urteaz geroztik du berrikuntzako tokiko agentearen figura, orduan jarri baitziren abian «Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiriak» izeneko laguntzak, eta harrezkero ez du zalantzarik izan haren ekarpenarekin jarraitzeko Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza arloaren barruan.