Udalak Basalgo Parke Eolikoaren aurkako txostena egin du
Gabezia tekniko larriez, bateraezintasun urbanistikoaz eta ingurumen-arriskuez ohartarazten du udalaren txostenak. Ingurumen Inpaktuaren Kontrako Adierazpena egin dezala eskatu dio udalak Eusko Jaurlaritzari eta baita proiektua bertan behera utz dezala ere.
Eibarko Udalak Basalgo Parke Eolikoari buruzko aurkako txostena egin du; parkeak energia elektrikoko 28 MW sortu nahi ditu haize-sorgailuen bidez Gipuzkoako hainbat udalerritan. Udalaren arabera, proiektuak ez du indarrean dagoen araudia betetzen, eta arrisku nabarmenak eragin ditzake ingurumenean, biodibertsitatean, kultura-ondarean eta udalerriaren paisaian, bai eta bizilagunen bizi-kalitatean ere.
Udal txostenak azpimarratzen duenez, proiektuak ez ditu behar bezala landu beste alternatiba jasangarriago batzuk, hala nola ekoizpen-eskala murriztea edo sorkuntza banatua eta autohornikuntza sustatzea. Halaber, ez da sakon landu zer gertatuko litzatekeen ez bada parkea eraikitzen, eta horrek eragotzi egiten du ezagutzea zein izango den benetako inpaktua lurraldean eta Eibarko lurren erabileran. Haize-sorgailuak udalerrian kokatzen dira, osorik edo partzialki, eta zuzenean eragiten diete espazio naturalei eta babestutako basoei.
Hirigintzaren ikuspegitik, parkeak ez du tokiko araudia betetzen; izan ere, industria-jarduera baimenduta ez dagoen eta baso-masa zaindu beharko litzatekeen eremuetan kokatzen da proiektu. Instalazioak basoen parte bat eraistea ekarriko luke: klima-aldaketa arintzeari eragingo lioke eta paisaia naturala atzera bueltarik gabe aldatuko luke. Gainera, ez da azterlan nahikorik egin haize-sorgailuek ingurunean duten eraginari buruz, ezta lurzoruan, uretan eta tokiko flora eta faunan —babestutako espezieak barne— duten eraginari buruz ere.
Ondare kulturala ere kaltetu egingo litzateke. Inpaktu-azterketak ez du behar bezala aztertzen parkeak San Salbador ermitan izan dezakeen eragina, edo udalerria inguratzen duten mugarrietan edo Gerra Zibilarekin lotutako aztarna historikoetan. Instalazioak ondasun horien erabilera alda dezake, eta, gainera, eibartarren nortasunaren parte diren bidezidor eta aisialdirako espazioei ere eragin diezaieke.
Herritarrengan izan dezakeen eraginak ere kezkatzen du Udala. Txostenak nabarmentzen du ez direla behar bezala ebaluatu zarataren, bibrazioen eta haize-sorgailuen hegalek proiektatutako itzalen ondorioak, eta horrek eragina izan dezakeela parketik gertu bizi direnen osasunean eta ongizatean. Era berean, baso-suteen arriskuaz ohartarazten da, zeren instalazioak baso autoktonoen kalteberatasuna areagotu dezake eta hainbat tokitan suteak itzaltzea zaildu.
Jon Iraola Eibarko alkateak zera adierazi du: “Gure betebeharra, udal-administrazio gisa, Eibarko ondare natural eta kulturala babestea da. Egitasmo honek —planteatuta dagoen bezala— ingurumen eta kulturaren aldeko arrisku onartezinak dakartza. Ezin dugu onartu gure ingurunea eta gure historia arriskuan jartzen duen zerbait”. Bestalde, Luis Vicente Castellanos Hirigintzako zinegotziak azaldu duenez, “haize-errotak baso-eremuetan eta ingurumen aldetik babestekoak diren tokietan egotea bateraezina da Eibarko araudiarekin. Inpaktuari buruzko azterlanak berrikusteko eta alternatiba jasangarriagoak egiteko eskatu dugu, ezer baimendu aurretik”.
Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak ere alegazioak aurkeztu ditu Basalgo parke eolikoak ingurumenean izango lukeen eraginari buruz. “Enpresa sustatzaileak aurkeztutako proiektuak ez ditu egin ingurumen-inpaktua ebaluatzeko beharrezkoak diren zenbait azterlan, eta aurkeztu dutena ez da nahikoa”, azaldu du Eva Juez Garmendia sail horretako zinegotziak.
Egitasmoa ez da bateragarria kokatu nahi den tokiarekin. Horren haritik, udaleko atal teknikoak azterketa-lan sakona egin ondoren, alegazio-dokumentu bat prestatu du, proiektuak ingurumenaren eta lurraldearen ikuspegitik dituen gabeziak, zehaztasun ezak eta bateraezintasunak agerian uzteko.
Hala dio Eva Juezek: “Udalak erregistratu dituen alegazioak lan tekniko sakon baten emaitza dira, eta Ingurumen Sailak kontratatutako kanpoko enpresa batzuen azterketekin osatu da. Alegazio horiek irizpide eta azterlan sakonetan oinarrituta daudenez, uste dugu eta espero dugu proiektu hau ez dela gauzatuko”.
Horrela, Eibarko Udalak berretsi egin du ingurunea babesteko eta lurraldearekin koherenteak diren eta ingurumena errespetatzen duten proiektuak garatzeko konpromisoa.
“Badakigu zer bide egin behar dugun energia jasangarriak errealitate izan daitezen; baina kasu honetan, Basalgoko parke eolikoa ez da bidea. Bete beharreko legeak ditugu energia berriztagarrien inguruan, eta lanean segitzen dugu, esaterako, eguzki-plakak eraikin publikoetan jartzeko”, adierazi du Juezek.
Udalak gomendatzen du Eibar alderdi interesduntzat har dadila ingurumen-ebaluazioaren prozedura osoan, eta haren iritzia kontuan har dadila proiektuari buruzko edozein ebazpen ematerakoan. Gainera, eskatzen du Ingurumen Inpaktuaren Kontrako Adierazpen bat egin dadila, harik eta atzemandako akats guztiak konpondu arte, hala, ekosistemen, ondarearen eta herritarren ongizatearen babesa bermatuz. Era berean, eskatzen da espedienteari eransten zaizkion dokumentu, txosten eta alegazio guztiak udalarekin partekatzeko, gardentasuna ziurtatu eta prozesuaren jarraipen egokia egite aldera.
Udalak web orrian argitaratuko ditu herritarrek ikusi ahal izateko aurkeztutako alegazioak.
Erlazionatutako albistea: