Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak banku berri gehiago jarriko ditu herriko kaleetan

Udalak banku berri gehiago jarriko ditu herriko kaleetan

Amañako oinezkoentzako ibilbidea.

2018/03/08

Dagoeneko 82 jarri dira eta guztira 236 banku jarriko dira herriko hainbat lekutan; inbertsioa 50.000 eurokoa izango da.

Udalak herriko kale eta plaza publikoetako banku berriak jartzeari ekin dio. Plana hiri-altzarien hobekuntza globalaren barruan dago sartuta eta horretarako 50.000 euroko inbertsioa egin da. Banku-zaharberritzea iazko amaiera aldean hasi zen eta hurrengo hilabeteetan osatuko da.

Jarduketak, Zerbitzuen udal sailaren kargukoa, 2018an zehar ere segituko du. Sailaren zinegotzi Pedro Escribano jaunaren hitzetan, “Espazioak, gure kaleak eta parkeak txukuntzeko bidean, lehendik jorratutako ildotik jarraituz, herriko altzariak berrizten segituko dugu. Udaleko Gobernu Taldeak beti izan du konpromiso irmoa gure kaleetako estetika eguneratu eta modernizatzeko, eta eibartarrak bildu, sozializatu eta denbora-pasarako gune berriak sortzeko."

Guztira, 236 banku jarriko dira eta hondatuta daudenak kendu. Haietatik 82 jarrita daude dagoeneko, eta era honetan daude banatuta: 30 Amañako oinezkoentzako ibilbidean, 22 Tiburtzio Anituan (21, 23, 25, 27, 29 eta 31 zenbakien ondoan), sei Tiburtzio Anitua kaleko Udalbus geltokiaren ondoan, lau Tiburtzio Anitua plazatxoan, zazpi Wenceslao Orbean (10, 12, 14 eta 16 zenbakietan), bat Txontan (tunela), sei Barrena 23 zenbakian (haur jolasak) eta beste sei Barrena 21 zenbakian (Lidl-en ondoan).

Hurrengo asteetan banku gehiago jarriko dira Ipurua, Urki, Legarre, Estaziño, Jardiñeta, Karmen, Barrena, Txaltxazelai, Isasi eta herriko beste leku batzuetan. Gehienek 1,80 metroko luzera dute, salbu eta Barrenako parke berriztuan, 46 zenbakiaren parean, jarriko direnek; azken horiek 3 metroko luzera izango dute, neurri hori hobeto egokitzen baita espazio horretara.

Gainera, eta Zerbitzuen sailak jakinarazi duenez, erretiratzen diren baina artean erabiltzeko moduan dauden bankuak, konpondu ondoren, Eibarko hainbat lekutan jarriko dira, nagusiki, landa-bideetan.

etiketak: bankuak, Eibar, zerbitzuak