Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak badu dagoeneko Errebal Plazaren saltokietarako aurkeztutako eskaintzen berri

'Errebal Plazia' kultur ekipamenduaren eta funtzio anitzeko eraikinaren irudia.

'Errebal Plazia' kultur ekipamenduaren eta funtzio anitzeko eraikinaren irudia.

2021/07/23

Lau eskaintza jaso dira dauden sei saltokietatik lautarako; harategi-urdaitegi postua eta fruta eta barazki saltokia hutsik geratu dira, hortaz, irailean beste lehiaketa bat egingo da eta beste jarduera batzuk proposatu ahalko dira, betiere halako azoka baten izaerarekin bat badatoz. Jon Iraola alkateak esan du Udalak jarraitzen duela apustua egiten “Errebal Plazia askotariko eta kalitatezko produktuak aurkitzeko erakarpengune sozio-ekonomiko bihurtzeko lanean”.

Eibarko Udalak aste honetan jakin du —joan den astelehenean proposamenak aurkezteko epea amaitu eta asteazken goizean Kontratazio Mahaiarekin bildu eta gero—, zein diren ‘Errebal Plazia’ erabilera askotariko gune berriko saltokiak emakida-araubidean okupatzeko interesa duten pertsonek aurkeztutako eskaintzak.

Arraindegi saltokirako proposamen bat aurkeztu da; ‘Zero Kilometroa’ posturako eskaintza bat dago: ozpinetakoak eta eratorriak posturako bi proposamen aurkeztu dira; eta okindegi eta gozotegi posturako beste bi eskaintza daude.  Harategi eta urdaitegi posturako eta fruta eta barazkiak saltokirako ez da eskaintzarik jaso, eta, beraz, oraingoz hutsik geratu dira.

Hemendik aurrera, Udalak aztertu egingo ditu proposamenak dituzten lau saltokitarako aurkeztutako eskaintzak, baldintza-agirian ezarritako betekizunak eta obligazioak betetzen dituzten jakiteko, dagozkion izapideak egiteko, eta, ondoren, adjudikazioari ekiteko.

Hutsik geratu diren bi postuen kasuan, Udalak baldintza-agiri berri bat egitea aurreikusi du atzera ere lehiaketara ateratzeko, sei saltokiak okupatu ahal izateko xedez. Horrela, baldintza-agiri berrian aukera emango zaie eskaintzaileei beste jarduera batzuk proposatzeko, muga batzuekin, betiere horrelako azoken ezaugarriekin edo helburuekin bat badatoz eta saldu nahi diren produktuak beste postuetakoen osagarriak badira.

Bestetik, aurrera egiten ari da azokan egongo den taberna-kafetegiaren lizitazioan. Asmoa da irailean ateratzea lehiaketara. Hori guztia merkatua jarduerez betetzeko eta saltoki guztiak martxan egoteko helburuarekin.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “aurrera egiten segitzen dugu Errebal Plazia askotariko eta kalitatezko produktuak izango dituen erakarpengune sozio-ekonomiko bihurtzeko lanean, eta gure esku dagoen guztia egiten ari gara Eibarrek merezi duen merkatu-plaza izateko, eibartarrek erosketak modu erosoan egin eta kalitatezko produktuak eros ditzaten”.