Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak aurtengo San Juan jaiak bertan behera lagatzea erabaki du Covid-19aren ondorioz sortutako osasun-krisia dela-eta

Artxiboko irudia.

Artxiboko irudia.

2020/05/21

Udalean ordezkaritza duten talde guztiek hartu dute erabakia, aho batez. Jaiak ez dira egingo hasieran aurreikusita zegoenaren arabera, baina, hala ere, Kultura Saila aztertzen ari da zer egin daitekeen eta nola egin daitekeen. Horretarako, ekitaldiak egiteko modua ahalbidetuko duten mekanismoak prestatuko dira, baina Udalak oso kontuan izango du ekaineko osasun-egoera, eta zorrotz beteko ditu une horretan indarrean dauden osasun-neurri guztiak.

Eibarko Udalak aurtengo San Juan jaiak bertan behera lagatzeko erabakia hartu du, COVID-19ren ondoriozko osasun-krisiaren ondorioz eta alarma-egoerak ezarritako neurrien ondorioz.

Ikusita jaietako programan jasotako ekitaldi gehienek ez dituztela betetzen gaur egun dagoen egoeran bete behar diren jarraibideak, udal ordezkariek programazioa bertan gabe uztea erabaki dute, normaltasun-egoera batean oinarritutako programazioa baitzen.

Horregatik, Eibarko 2020ko Sanjuanak ezin izango dira egin orain arte herriko jaiak egin izan diren bezala, baina Kultura saila aztertzen ari da jarduera edo jai-ekitaldi horietatik zeintzuk egin daitezkeen eta nola egin daitezkeen, eta, horren arabera, agitaraua prestatzen ari da. Kultura Batzordeko kideek atzo, maiatzaren 20an, egindako bilera batean, erabaki zuten Eibarko jaietako ekitaldirik esanguratsuenak egiteko aukera aztertzea. Ekimen hauek streaming bidez edo bestelako formatu batean eskainiko lirateke, bai eta auzo desberdinetako balkoietara bideratutako kalejiretan oinarrituta. Uneoro kontrolatuko da jende-pilaketarik ez egotea.

Horrela, ekitaldi horietako batzuk egitea ahalbidetuko duten mekanismoak bilatuko dira, betiere ekaineko ososun-egoera oso kontuan hartuta, eta une horretan indarrean dauden osasun-neurri guztiak zorrotz beteta.