Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak, aurten ere, "Planetaren ordua" ekimenarekin bat egingo du

"Planetaren Ordua" ekimenaren irudia.

"Planetaren Ordua" ekimenaren irudia.

2020/03/26

Datorren zapatuan, hilak 28, Untzaga plaza argiztatzen duten fokoak, eta erlojuko eta arkupeetako argiak amatatu egingo dira 20:30etik 21:30era bitartean. COVID- 19ren pandemiaren ondorioz hain une gogorrak bizi arren, Eibarko Udalak dei egiten die eibartarrei bat egiteko beste urte batez, etxe, negozio, eraikin eta monumentu enblematikoetako argiak ordubetez itzaltzeko ekimen honekin.

COVID- 19ren pandemiak eragindako ezohiko egoera batean gauden arren, Lur planetak gure arreta eskatzen jarraitzen du. Horregatik, Eibarko Udalak bat egin nahi du, beste urte batez, "Planetaren Ordua" ekimenarekin.

Hala, zapatuan, martxoak 28, eta ekimen honi erantzunez, Udalak amatatu egingo ditu ordubetez, 20:30etik 21:30era bitartean, Untzaga plazako eta Udaletxe ondoko fokoak eta erlojuko eta arkupeetako argiak, klima-aldaketaren aurkako keinu sinboliko gisa.  Udalak Eibarko herritarrak ere gonbidatzen ditu klima-aldaketaren aurkako eta naturaren defentsarako mugimendu global handi honekin bat egitera, ordubetez argia itzaltzea bezain erraza den keinu batekin.

Eibarko Udaleko Ingurumen zinegotzi Jon Iraolak adierazi duenez, "larunbat arratsaldean gure etxean egotera behartuta egongo garenez, une egokia izan daiteke beste behin ere erakusteko klima-aldaketak eta gure planetaren egoerak kezkatu egiten gaituela, baita bizi dugun egoera gogor honetan egonik ere. Hortaz, batu gaitezen ekimenera eta amatatu ditzagun gure etxeetako argiak ordubetez. Erakutsi dezagun planetaren alde eta klima-aldaketaren aurka dugun konpromisoa.

Horren harira, Iraolak gaineratu duenez, "agian, une zail hauetan, planetari eragiten dioten ingurumen arazoez kezkatzea eta, zehazki, klima aldaketaz kezkatzea ez da lehentasuna. Baina ez du horregatik garrantzi gutxiago. Solidaritate garai hauetan, beharrezkoa da elkartuta egotea eta denek batera jardutea guztion ongiaren alde, baita gure planetaren alde ere. Klima-aldaketak denoi eragiten digu gizarte gisa. Ekintza orok, txikiena izanik ere, bere balio du. Hori da ekimen honen kasua, eta Udal moduan, nahiko genuke herritarrek ere bat egitea.  

WWF elkarteak eta Nazio Batuek sustatzen dute ingurumenaren aldeko ekimen hau

“Planetaren Ordua” ekimena keinu sinboliko gisa jaio zen Sidneyn, 2007an, klima-aldaketaren arazoaz ohartarazteko. Keinu xume bat da, eta ordubetez etxe, negozio, eraikin eta monumentuen argiak amatatzean datza. 

Dagoeneko 188 herrialdetako milaka hirik hartu dute parte naturaren aldeko mugimendu honetan. Iaz, 17.000 monumentu eta eraikin itzali zituzten, herritarrak, enpresak, udalak eta erakundeak batuz, helburu beraren aurka borroka egiteko, eta helburu hori da klima-aldaketari aurre egitea.

Gainera, nahi duenak bat egin dezake ingurumen-ekimenarekin honako web honetan: http://horadelplaneta.es/. 

Martxoaren 28an, larunbata, 20:30etik 21:30era Itzali argia naturaren alde eta bat egin Planetaren orduarekin!