Eibarko Udala
bonu-txartelen kanpaina

Udalak asteartean, azaroak 11, jarriko du martxan merkataritzako eta zerbitzuetako bonu-txartelen kanpaina (1.450 bonu)

2025/11/10
Kartela.

% 20ko deskontuak izango dituen kanpaina azaroaren 28an amaituko da. Bonu-txartelak asteartetik aurrera (azaroak 11) eskuratu ahal izango dira, 9:00etan, www.erosieibarren.eus webgunean.

Datorren asteartean, azaroak 11, bonu-txartelen kanpaina hasiko da. Ekimenean kanpainari atxikitutako Eibarko merkataritzako eta zerbitzuetako establezimenduek hartuko dute parte. Udalak bultzatutako kanpaina berria —15.000 euroko dirulaguntza jasoko duena— Eibar Merkataritza Gune Irekiaren eta Caja Rural Navarrarekin elkarlanean egin da.

Jon Iraola alkateak balioan jarri du tokiko merkataritzak herritarren bizimoduan duen garrantzia: “Gure dendetan erostea transakzio bat egitea baino askoz gehiago da: gure dendetan erostea da bizirik mantentzea betidanik Eibarko ezaugarri izan den konfiantza-harremana. Komertzio txikia ez da ekonomia soilik; aurpegi ezagunak dira, kaleko solasaldiak eta beste inon topatzen ez den hartu-eman gertukoa”.

Gehitu duenez, "hemen erostea aukeratzen dugunean, hauxe esaten ari gara:  bizirik dagoen herri bat nahi dugu, eskaparateak, aktibitatea eta aukerak izango dituena. Ez da garrantzirik gabeko kontua. Eibarko etorkizunean inbertitzen ari gara. Horregatik dira hain inportanteak hau bezalako kanpainak: sustatu egiten dute gure ehun ekonomikoa, eta gure herriaren nortasunaren zutabe izaten jarrai dezaten bultzatzen dute.

Vanesa Hortas Ekonomiaren Garapeneko zinegotziak erakundeen, saltokien eta herritarren arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du: “Kanpaina hau denok batera egiten dugun lanaren emaitza da eta gertuko merkataritza zaintzen jarraitzeko gogoaren fruitu. Badakigu egoera ekonomikoa ez dela beti erraza izaten, ez saltokientzat ezta familientzat ere, eta, horregatik, halako ekimenak tresna erabilgarriak dira bai salmentetarako bai herritarrei aurrezteko aukera emateko". 

Aurten, 1.450 bonu atera dira guztira, eta, hala, %20ko deskontuekin  eskuratu ahal izango dira erosketak eta zerbitzuak kanpainari atxikitako establezimenduetan.

Kontsumitzaileek 40 eurotan erosi ahal izango dituzte 50 euroko balioa duten txartelak.

Bonu-txartelak azaroaren 11n, 9:00etan, jarriko dira salgai, eta txartelak amaitu arte erosi ahal izango dira, kontuan izanda erosketa egiteko azken eguna azaroaren 26a izango dela. Interesa dutenek www.erosieibarren.eus helbidean erosi ahal izango dituzte.

Esan beharra dago bonu-kopuru jakin bat egongo dela salgai, bai Eibarren bizi diren pertsonentzat, bai beste herri batzuetan bizi direnentzat. Gehienez ere, bi bonu eskuratu ahal izango dira NAN edo AIZ bakoitzeko, alegia, 50 euroko edo 100 euroko txartel bat erosi ahalko da.

www.erosieibarren.eus webgunean bertan argitaratuko da zer establezimendutan eros daitezkeen txartelak, eta establezimendu horietan bakarrik egongo dira aktibatuta. Beste establezimendu batean erabiliz gero, ez du funtzionatuko.

Bonu-txartelak erosi eta bi egun balioduneko epean jaso ahal izango dira, erosketa-prozesuan aukeratutako establezimenduan; horretarako, erosketa horren ziurtagiria eraman beharko da. Txartela jasotzeko establezimenduak hauexek dira: “Burbujas y más” Estaziño kalean eta “Lakuesta Óptica” Fermín Calbetón kalean.

Azaroaren 28ra arte erabili ahalko dira txartelak, eta egun horretan amaituko da kanpaina. Egun horretatik aurrera, txartelak baliogabetuta geratuko dira. Nahiz eta saldoa izan, saldo hori ezin izango da berreskuratu.

Amaieran, txartelak erabili diren azken establezimenduan utzi beharko dira, hala, beste kanpaina batzuetan birziklatu ahal izateko.