Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak aurrera darrai Otaola ingurua zaharberritzeko lanetan, Ospitalea martxan jarri ondoren

Udalak aurrera darrai Otaola ingurua zaharberritzeko lanetan, Ospitalea martxan jarri ondoren

Otaola Hiribideko eraikinak.

2018/10/26

Alkateak iragarri du datorren urtean hasiko direla ikusten ingurua modernizatzeko planen lehen emaitzak, jarduera ekonomiko berriak martxan jarriko dira-eta. Ospitale ondoan dagoen etxebizitza-eraikin zaharra eraitsi egingo da; bertan gune libre berri bat sortuko da, aparkaleku ere izan daitekeena eta osasun-zentroari lotua egongo dena.

Eibar Ospitale berria martxan jartzearekin batera, Miguel de los Toyos alkateak iragarri du Udala lanean ari dela Otaola Hiribideko ingurua zaharberritzeko planetan. Osasun-zentro berria inauguratzeko ekitaldian ingurua zaharberritzeko eta modernizatzeko planei buruz galdetuta, De los Toyos jaunak aurreratu du lanean dihardutela Ospitale inguruan jarduera ekonomikoko espazio berriak sortzeko aukeretan.

Alkateak jakitera eman duenez, 2019. urtean hasiko dira lehen emaitzak ikusten; izan ere, aurreikusita dauzkate hainbat jarduera Ospitaletik hasi eta Mercadona merkataritza-guneraino doan partzela osoan. Horren harira, berretsi egin du badirela sustatzaile partikular batzuk lanean ari direnak partzela horien jabetzarekin, eta aurrera doazela hainbat jarduera ekonomiko sortzeko proposamenak. Gainera, abantaila bat dago, ez baita beharrezkoa izango lursailen birkalifikazioa; izan ere, aurreikusitako jarduera ekonomikoak ezartzeko behar den hirigintza-kalifikazioa badute jada.

Sustatzaileak lantzen ari diren ideia, eta Alkateak berak berretsi duena zera da: ibilgailuak saldu eta konpontzeko tailer txiki batzuek erabiltzen zituzten partzeletan, Norica fabrika zaharrean eta ondoko eraikinean hainbat jarduera ezarriko dira; aldiz, Ospitale ondoko etxebizitzen eraikin zaharra botako da, eta han espazio libre bat sortuko da, aparkaleku ere izan daitekeena eta osasun-zentroari lotua egongo dena.

"Irekita gaude jabetzak proposatzen dituen planteamendu guztien tramitaziora, betiere inguruko hirigintza-planeamendura egokitzekotan. Hala, eta Ospitalea Otaola Hiribideko zaharberritzearen lehen mugarritzat hartuta, datorren urtean zehar hasiko dira ikusten lehen emaitzak", azaldu du Miguel de los Toyos jaunak.  

etiketak: lanak, Ospitalea, Otaola