Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak antolatutako ‘Berrerabili eta berrasmatu’ tailerren bosgarren edizioa apiriletik ekainera egingo da

Kartela.

Kartela.

2024/02/26

Aurrematrikulak egiteko epea ostiralean (martxoak 1) irekiko da, eta 10 tailer eskainiko dira Eibarko denda eta erakundeen laguntzarekin. Tailerren helburua da eguneroko objektuak eta materialak konpontzen, berrerabiltzen, birziklatzen eta berrasmatzen ikastea, haien bizitza baliagarria luzatzeko eta, horrela, hondakin-kopurua murrizteko.

Eibarko Ingurumen Sailak ‘Berrerabili eta Berrasmatu’ tailerren edizio berri bat antolatu du; programaren helburua da jarraibide batzuk ematea eguneroko objektu eta materialen bizitza baliagarria luzatzen ikasteko, haien berrerabilpena eta birziklapena sustatzeko eta balio erantsia emateko. Tailerrak denden lankidetzarekin (Eskusutxo, El Taller de Manualidades, Baratze, Adarabar, Harixan eta Zorionak Ludoteka) eta beste entitate batzuekin batera (Klub Deportiboa eta Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutua) antolatu dira; jarduerak denda eta entitate horietan egingo dira.  

2021eko eta 2022ko udazkeneko eta 2023ko udaberriko zein udazkeneko hilabeteetan egin diren aurreko lau edizioen arrakasta eta harrera ona ikusita, Udalak oraingoan beste edizio bat antolatzea erabaki du.

Tailerretarako aurrematrikulak formalizatzeko epea datorren ostiralean, martxoak 1, irekiko da eta martxoaren 14ra arte egongo da zabalik. Aurrematrikula Pegoran egin beharko da edo Udaleko webguneko formulario honen bidez: https://formularioak.eibar.eus/eu/berrerabilietaberrasmatu2024-01

Tailerrak adin nagusiko jendearentzat dira eta pertsona bakoitzak gehienez hiru tailerretan eman ahalko du izena. Saioetako batean matrikulatutakoen kopurua ezarritako gutxieneko ikasle kopurua baino handiagoa ez bada, bertan behera geratuko da tailerra.

Aurrematrikula-kopuruak gainditu egiten badu eskuragarri dauden plaza-kopurua, zozketa egingo da. Udalak, martxoaren 18an, onartuen zerrenda argitaratuko du Pegoran eta udal-webguneko ondorengo ataletan: ‘Ikastaroak, lehiaketak eta tailerrak’ eta ‘Laburrak eta abisuak’.  

Onartutako pertsonek martxoaren 19tik apirilaren 8ra arte egingo dute matrikula, Udalaren web-orriko "Ikastaroak, lehiaketak eta tailerrak" atalean eskuragarri dagoen inprimakia betez. Matrikula Pegora Herritarrentzako Zerbitzuaren Bulegoko sarrerako ate ondoko postontzian utzi beharko da (astelehenetik igandera, 7:30etik 21:30era).

Matrikula ez aurkezteak plaza galtzea ekarriko du.

Tailer hauei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, interesa dutenek ingurumena@eibar.eus helbidera idatzi edo 943708408 telefonora dei dezakate.

Lehenengo tailerraren izena ‘Ikasi zure ordenagailuko hardwarea eguneratzen eta konponketa txikiak egiten' da. Gaztelaniaz izango da eta apirilaren 17an eta 24n eta maiatzaren 8an eta 15ean izango da, 17:30etik 19:30era, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuan (Azitain, 2).

Apirilaren 20an ‘Koadernaketa sortzailea' izeneko tailerra egingo da, 11:00etatik 13:00etara euskaraz. Eskusutxo (Estaziño, 16)

Hirugarren tailerra 'Brikolaje tresnak erabiltzen ikasi' da, eta apirilaren 23an eta 30ean eta maiatzaren 7an eta 14an egingo da. Euskaraz eta gaztelaniaz izango da, eta 17:30etik 19:30era emango da Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuan (Azitain, 2).

Apirilaren 27an eta maiatzaren 4an ‘Biziberritu zure altzari eta dekorazio objektuak’ egingo da, gaztelaniaz, 10:30etik 13:30era, El Taller de Manualidadesen (Bidebarrieta, 44).  

Maiatzaren 9an ‘Aprobetxamenduko sukaldaritza: sasoiko barazkiak’ egingo da, euskaraz eta gaztelaniaz, 18:00etatik 20:00etara. Baratzek gidatuko du, Portaleko sukaldean (Bista Eder, 10).  

Maiatzaren 11n, ‘Katu txoko’ tailerra egingo da. Euskaraz izango da, 11:00etatik 13:00etara, Adarabar establezimenduan (Eulogio Garate, 6B).

Maiatzaren 16an, ‘Ikasi zure bizikleta konpontzen’. Bi hizkuntzetan izango da, 18:00eatik 20:00etara Errebal Plazan, Eibarko Klub Deportiboaren eskutik.

Maiatzaren 18an, ‘Makinaz nola josi: hasiberrientzako joskintza’ izeneko tailerra egingo da bi txandatan, 16:00etatik 18:00etara euskaraz, eta 18:00etatik 20:00etara gaztelaniaz. Harixan establezimenduan egingo da (San Agustin, 2)

Maiatzaren 21, 23, 28 eta 30ean eta ekainaren 4an eta 6an, ‘Etxeko oinarrizko konponketak: elektrizitatea eta elektronika’. Gaztelaniaz izango da, 17:30etik 19:30era Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuan (Azitain, 2).

 'Sortu zure dekorazio-girlandak’, maiatzaren 25ean (euskaraz) Zorionak Ludotekan (Urkizu pasealekua 3), 11:00etatik 13:00etara.

Tailerren prezioa 6 eta 16 euro bitartekoa izango da, iraupenaren arabera.

Tailer hauek antolatzeko, Udalak dirulaguntza bat jaso du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailetik.