Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak agur esango dio Kirolaren Europar Hiria izendapen-urteari, jardunaldi bat antolatuz kirolak hirien eboluzioan duen garrantziari buruz

Irudian, Jon Iraola alkatea eta Vanesa Hortas Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotzia.

Irudian, Jon Iraola alkatea eta Vanesa Hortas Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotzia.

2023/09/29

“Hiriak martxan: jarduera fisikoa eta tokiko garapena” izeneko jardunaldia azaroaren 16an egingo da, eta ekimenean arlo ezberdinetako profesionalek eta adituek hartuko dute parte. Coliseo antzokian eta Errebal Plazan egingo den ekimenean herritarrei emango zaie protagonismoa eta amaieran kirol-erronka bat egongo da.

Eibarko Udalak agur esango dio urteari Kirolaren Europar Hiri gisa, jardunaldi bat antolatuz kirolak eta jarduera fisikoak hiriaren ehunean eta pertsonen bizi-kalitatearen hobekuntzan duten inpaktuaz eztabaidatzeko. Ekimena Coliseo antzokian eta Errebal Plazan egingo da azaroaren 16an “Hiriak martxan: jarduera fisikoa eta tokiko garapena” izenarekin. Bertan arlo ezberdinetako profesionalek eta adituek parte hartuko dute eta herritarrei ere protagonismoa emango zaie.

Ekimenaren helburu nagusia zera da: gogoeta egitea kirolak eta jarduera fisikoak lurraldean, gizartean eta ekonomian duten eraginaren inguruan. Hortaz, formatuak elkarrizketa irekiak egiteko aukera emango du, profesionalen, adituen eta herritarren arteko begirada bateratu bat eraikitzeko. Jon Irola alkatearen hitzetan, “aukera ona da esperientziak partekatu, adituengandik ikasi eta planteatutako erronketarako soluzio jasangarri eta inklusiboak eraikitzen saiatzeko. Horregatik, funtsezkoa da kirolari eta jarduera fisikoari lotutako pertsonek ez ezik herritarrek ere parte hartzea udalerrien, hirien eta lurraldeen etorkizuneko diseinua bultzatzeko”.

Jardunaldia Coliseo antzokian eta Errebal Plazan egingo da, 9:30etik 17:00etara. Lehen hitzaldia “Kirola eta Hiri Agenda. Hiri aktiboa garapen-estrategia gisa" izango da, eta Juanma Murua kirol-gestioko ekonomialari eta aholkulariak emango du. Jarraian “Eibar martxan” azalduko da, Eibarko Udalaren estrategia, kirola, jarduera fisikoa eta bizimodu osasuntsua sustatzeko.

Ondoren elkarrizketa irekien txanda izango da, betiere kirolaren eta hiriaren arteko harremana ardatz izanik; hiru arlotan banatuko dira solasaldiak: Hiria, Gizartea eta Ekonomia. Horretarako, hiru areto gaituko dira izen horiekin eta areto bakoitzak bi mahai-inguru izango ditu.  

Hiria aretoan udaletako kirol-politika berriez eta haien gestioaz jardungo dute, eta nola `kiroleztatu´ espazio publikoak eta haien jasangarritasuna. Gizartea aretoan gai hauek landuko dira: jarduera fisikoa tresna sozial gisa eta oinarrizko kirol-taldeen etorkizuna. Ekonomia aretoan: kirol-ekimenek lurraldean eta ekonomian duten inpaktua.

Bertaratzen direnek beren esperientziak eta iritziak partekatuko dituzte lan-mahietan planteatutako erronken inguruan. Mahaietan sektoreko erreferente diren eta gaian esperientzia handia duten pertsonek parte hartuko dute. Besteak beste, Iñaki Iturrioz (Gipuzkoako Foru Aldundia), Patxi Galarraga (Projekta Urbes), Uxue Fernández (UPV-EHU), Ekain Larrinaga (Bilboko Udala), Xepe  Gallastegui (Urkiko Klub Deportiboa), Laura Espín (BIC Gipuzkoa) edo Eibarko Kirol Elkarteko ordezkari bat.

Luntxaren ostean, espazio bat egongo da mahai bakoitzeko ordezkariek goizean landutakoa partekatzeko. Hala, jardunaldian parte hartzen duten guztiek aukera izango dute parte hartu ez duten mahaietan izandako emaitzak lehen eskutik ezagutzeko. Amaieran eta ekimena kalera ateratzeko xedez, kirol-erronka bat egingo da Wellk enpresaren eskutik.  

Wellk enpresak antolatutako kirol-erronka batekin amaituko da ekimena

Parte hartu nahi dutenek www.eibarmartxan.eus webgunean eman dezakete izena. Webgune horretan, halaber, zer erronkatan parte hartu nahi duten aukeratu ahal izango dute, eta, baita ekimen honi buruzko informazio guztia ere, 2023ko Eibar Kirolaren Europako Hiri izendapenaren harira egindako jardueren barruan antolatu dena.  Izendapen hori dela-eta hauxe adierazi du Jon Iraola alkateak: «Bultzada bat da hiri gero eta osasuntsuago, inklusiboago eta jasangarriago baten alde lan egiten jarraitzeko.  Testuinguru horretan, kirola eta jarduera fisikoa tresna bat dira, aurrerapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko irtenbide sortzaileak emateko, gure historian zehar ikusi ahal izan dugun bezala».