Udalak 84 eskabide jaso ditu jabetza pribatuko eraikinetako pintadak garbitzeko

Artxiboko irudia.

Artxiboko irudia.

2022/11/17

Kanpaina honen kostua —aste honetan hasi eta hiru hilabete eta erdi iraungo duena— 81.000 eurokoa da. Horren aurretik, Udalak udal-titulartasuneko eraikin eta hormetako grafitiak eta pintadak garbitu ditu.

Eibarko Udalak garbitu egingo ditu herriko hainbat tokitako eraikin partikularretako 84 fatxadatako pintadak eta grafitiak, joan den irailean herritarrek lan hori egiteko eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren. Lanak aste honetan hasi eta hiru hilabete eta erdi iraungo dute.

Lan horiek egiteko kalkulatutako kostua 81.000 eurokoa da: 66.000 euro langileak kontratatzeko, eta 15.000 euroko gastu zenbatetsia materialean: pintura, langileendako NBE (norbera babesteko ekipamendua), arrabolak, brotxak, desugertzaileak edo makinak.

Aldez aurretik, eta udal-programa horren barruan, azken asteetan pintadak eta grafitiak kendu dira udal-titulartasuneko eraikinetako fatxadetatik.

Eraikin partikularretako fatxadetan pintadak kentzeko kanpainak urte batzuetatik hona egiten ari dira Eibarren, Udalaren ekimenez, eta oso harrera ona izaten ari dira.  Horretarako, Udalak urtero egiten du deialdi bat interesa duten jabekide-erkidegoek beren eskabideak egin ditzaten.

Eskabidea jaso ondoren, Udalak pintadak edo grafitiak berrikusten ditu, eta fatxadaren ezaugarriak kontuan hartuta (materialak, babes maila, eta abar), esku hartu ala ez erabakitzen du. Ezin bada pintada ohiko bitartekoekin ezabatu, pinturaz estaltzen da.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “paretetan pintadak egoteak zikinkeria- eta utzikeria-itxura ematen du, eta, horregatik, urtero ahalegin ekonomiko handia egiten dugu fatxadek eta hormek, bai publikoek bai pribatuek, irudi hobea eman dezaten.”

“Nolanahi ere —gehitu du alkateak—, garbiketa-lan hau alferrik da jendeak ez badu zibizmoz jokatzen; hortaz, oso gertutik egiten diegu segimendua grafitiak eta pintadak egiten dituztenei, eta bidezkoak diren isunak jartzen dizkiegu, gure herrian, ahal den neurrian, jarduera horiek saihesteko."