Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak 497.707 euro jarriko ditu Eibarko 31 langabe kontratatzeko

2018/09/13

Eibarko Udalak eta Lanbidek enplegurako bi plan kofinantzatuko dituzte, 12 hilabete arteko kontratuetarako. Interesatuek Lanbiden eman beharko dute izena.

Udalak, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera, bi egitasmo jarri behar ditu martxan 31 langabetu kontratatzeko, hiru hilabetetik hamabi hilabetera arteko epeetan.  

Lehenengo programan, 21 langabetu kontratatuko dira: % 30 Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren titular edo onuradunak izango dira; % 15 izango dira 55 urtetik gorakoak, eta, gutxienez % 40 emakumeak izango dira.  Egitasmo honetan, Lanbideren ekarpena 208.766,63 €-koa izango da eta Udalarena 21.253,56 €-koa.  

Bederatzi kontratazio lanaldi osokoak izango dira eta gainerakoa lanaldiaren % 50 eta % 80-koa. 21 kontratuetako bakoitzaren iraupena hiru eta sei hilabete artekoa izango da. Kontratazioak irailetik aurrera egingo dira. Interesatuek zuzenean jo behar dute Lanbidera izen-ematea egiteko; horretarako, Euskal Enplegu Zerbitzua harremanetan jarriko da eskaintza bakoitzean eskatzen diren profila betetzen duten pertsonekin.

Bete beharreko lanpostuen artean era askotako profilak daude eta izen-emateko epeak hauexek dira:  klinika-laguntzailea, orientazio-teknikariak eta fisioterapeuta: epea irailaren 14an amaitzen da; administrari laguntzailea, irailaren 21ean; kirol-instalazioetako mantentze-peoia, irailaren 25ean.

Gainerako eskaintzak, elektrikari, liburutegi-laguntzaile, itzultzaile eta soziologo lanpostuak, urrian zehar publiko egingo dira, behin Lanbidek behar diren tramiteak egin eta informazioa Eibarko Udalari igorri ondoren.

30 urtetik beherako gazteentzat

Bigarren egitasmoa 30 urtetik beherako gazteentzat bakarrik da; Udalak 146.377,58 € jarriko ditu eta Lanbidek 121.310 €. Plan honek Europako Gizarte Funtsaren laguntza dauka. Hamar kontratu izango dira, lanaldi osoz, denak 8 eta 12 hilabete artekoak.

Gazteentzako enplegu-programa honetan bete beharreko lanpostuak hauexek izango dira: administrari laguntzailea udal artxiboaren sistematizaziorako; zaharberritzaile bat Eibarko Museoan zaharberritze-lanak egiteko; sei peoi pintadak erretiratzeko eta ikastetxeetan erreformak egiteko; administrari bat etxebizitzen kudeaketa eta udal lokaletarako; eta administrari bat eraikinen ikuskaritza teknikoa ezartzeko.  

Lanpostu hauei buruzko eskaintzak urrian argitaratuko dira, eta izen-emateak Lanbiden bakarrik egingo dira.