Udalak 350.000 euro baino gehiago inbertitu ditu agintaldi honetan jubilatuen etxeak hobetzeko
Eibarko Udalak, 2019an udal-agintaldi hau hasi zuenetik, 350.000 euro baino gehiago inbertitu ditu herriko jubilatuen etxeetako espazioak eta instalazioak hobetzeko. Hurrengo hilabeteetan kopuru hori handitu egingo da aurreikusitako jarduera berrien bidez.
Zehazki, Beheko Tokia jubilatuen etxean 115.000 euroko inbertsioak egin dira. Zenbateko horretatik 105.000 euro Udalak Karmen kalean alokatutako lokal berria eraberritu eta egokitzeko erabili ziren, hango instalazioak handitzeko; eta beste 10.000 euro altzariz hornitzeko.
Urkiko etxean, udal-inbertsioa 120.000 eurokoa izan da. Horren barruan sartzen dira lokalera sartzeko irisgarritasuna hobetzea eta lehen zeuden harmailak kentzea, komunak erabat berritzea, sukalderako eta barrarako ekipamendua jartzea, instalazio elektrikoak eta saneamendua hobetzea eta lokal osoa pintatzea.
Untzagako etxearen inbertsioa 85.000 eurokoa izan da eta hango arkupea ixteko aukera eman zuen instalazioan bertan integratu eta lekua irabazteko. Proiektuan beste jarduera osagarri batzuk ere egin ziren: bi bulego eta harrera-gune bat egokitzea, beheko solairuan banaleku bat sortzea, iturgintza-lanak egitea, saneamendua konpontzea, elektrizitatea eta argiak berritzea, eta telekomunikazio-sistemak ezartzea.
Ipuruako Jubilatuen Etxean ere hobetzeko hainbat jarduera egin ziren, 50.000 euroko inbertsio batekin: lehen solairua egokitzeko lanak egin ziren, egonleku bat eta office bat egokitu ziren eta komunetako bat berritu zen mugikortasun murriztua zuten pertsonei egokitzeko, eta hainbat altzari jarri ziren.
Lau urte hauetan Udal Obra Sailak egindako inbertsio horiei guztiei, aipatutako inbertsio kopuruaz gain, Zerbitzu Sailak hainbat etxetako instalazioak mantentzeko aldizka egindako lanak ere gehitu behar zaizkie. Horien kostua ere udal-aurrekontuetan islatu izan da.
Jon Iraola Eibarko alkateak azken urteotan egindako jarduerak eta jubilatuen etxeen inguruan egitekotan dauden obra berrien aurrean hauxe adierazi du: “Irmoa da adineko jendearekin dugun konpromisoa, bereziki jubilatuen etxeekin, pertsona askok aisialdirako eta sozializaziorako dituzten guneak horiexek direlako”.
Iraolak berretsi duenez, “ahalegin bat egiten ari gara, eta horretan jarraituko dugu, gure aurrekontu ahalmenen barruan, etxe horiek erosoak eta eskuragarriak izan daitezen, eta gure herriko nagusiek behar dituzten baldintza guztiak bete ditzaten, etxeok behar dituzten hobekuntzak egiteko”.
Beste inbertsio batzuk
Bestalde, Udalak adjudikatu du Torrekuako osasun-zentro zaharraren eraikina goitik behera birgaitzeko proiektuaren idazketa. Eraikina Udalaren jabetzakoa izatera pasatu zen osasun-zerbitzuak Eibarko Ospitalera eraman ondoren, eta aurreikusitako zuzkiduren artean jubilatuen etxe berri bat izango du.
Eraikinaren birgaitze integralerako aurreikusitako inbertsioa 2.145.000 euro ingurukoa da. Horietatik 900.000 euro inguru Amaña inguruko biztanleei zerbitzua eskainiko dien jubilatuen etxe berria egiteko erabiliko dira.
Eibarko Udalak, hemendik denbora gutxira, Ipuruako Jubilatuen Etxean hainbat lan egitea aurreikusten du, besteak beste, eraikinaren estalkia iragazgaiztea, beheko solairuko bulegoak berritzea, podologia-zerbitzurako gela bat egokitzea eta lehenengo solairuan erabilera anitzeko gela bat jartzea.