Udalak 3.000 euro bideratuko ditu Ukrainian gerrak kaltetutako herritarrei laguntzeko

Ukrainiako mapa.

Ukrainiako mapa.

2022/02/28

Gurutze Gorriaren bidez bideratuko da laguntza. Erakunde horrek funtsak biltzeko kanpaina bat jarri du abian eta biztanleria zibilarekin ari da zuzenean lanean, gatazkaren ondorioak arintzeko. Alkatetzak egindako laguntza-proposamena udal talde guztiek berretsi dute.

Mundu mailan egin den laguntza- eta lankidetza-deiari erantzunez Eibarko Udalak gaur bertan erabaki du 3.000 euro ematea laguntza humanitario gisa,  Errusiako tropek inbaditu ondoren Ukrainan izandako gerraren ondorioak arintzeko. Laguntza hori Gurutze Gorriaren bidez bidaliko da, zeinak laguntza-dei bat egin eta funtsak biltzeko kanpaina bat prestatu duen laguntzak hara bidaltzeko.

Horrela, dei horri erantzun nahian, Eibarko Udalak, Alkatetzak proposatuta eta udal talde guztien babesarekin, laguntza hori Ermuko Gurutze Gorriaren bidez bideratzea erabaki du.

Joan den otsailaren 24an —azken aste hauetan, herrialde bi horien muga-lerrora gero eta tropa errusiar gehiago bidali izanaren ondorioz, Ukrainaren eta Errusiaren arteko tentsioa areagotu eta gero—  Vladimir Putin presidenteak erasoak hasteko agindu zuen.  Hasiera batean, erasoak Ukrainako ekialdeko espazio militarretan gertatu baziren ere, azken egunotan Ukrainako lurralde osoko hainbat lekutara heldu dira, bizitegi-eremuetara ere irisi dira eta Kiev hiriburua setiatu dute.

Eraso horien ondorioz, Gurutze Gorriak emandako datuen arabera, orain arte 200 pertsona inguru hil dira, militarren eta zibilen artean, eta mila pertsona baino gehiago zauritu. Gainera, erasoek Ukrainako herrialde mugakideetara —hala nola Polonia eta Errumania—  ihes egiten ari diren milaka lagunen exodoa ekarri dute.

Bestalde, azpiegitura askori egin zaio eraso, eta biztanleria zibilaren desplazamendu-ahalmenari eragiteaz gain, urik, gasik eta elektrizitaterik gabe utzi dute jendea.

Dagoeneko ondorio humanitario larriak eragiten ari den egoera kezkagarri horren aurrean, Ukrainako Gurutze Gorria eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordea zuzenean ari dira lanean biztanleria zibilarekin, lehen laguntzak eta premiazko produktuak ematen: edateko 30.000 litro ur baino gehiago eraman dute eskualde kaltetuenetara, eta herrialdetik ihes egiten ari diren pertsonei babeslekua eta higiene-kitak, norbera babesteko ekipoak eta arropa ematen dizkiete.

Udal aurrekontuek 6.000 euroko partida erabiltzen dute urtero honelako premiazko laguntzetarako.

Zehazki, 2021ean, Eibarko Udalak hainbat laguntza onartu eta bideratu zituen (laguntza bakoitza 2.000 eurokoa), Gazako gatazkaren, Haiti suntsitu zuen lurrikararen eta La Palma uharteko sumendiaren erupzioaren biktimei laguntzeko.